Bost hautagai Donostiako alkatetzarako
Hiritarrak oraindik Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ajearekin badaude ere, maiatzaren 26an udal eta foru hauteskundeak daude. Donostian, bost dira alkate izateko aurkeztu diren hautagai nagusiak eta, 2015ean bezala, Eneko Goiaren EAJk irabaztea aurreikusten da, nahiz eta beste alderdien babesa beharko duen alkate izateko.
Bi aste eskas gelditzen dira donostiarrak berriz ere hauteslekuetara joateko, hiriko alkatea eta udaleko zinegotziak aukeratzeko oraingoan. Bost dira Donostiako alkate izateko aurkeztu diren hautagai nagusiak; batzuek hautagaitza errepikatzen dute, eta beste batzuk berriak dira. Eneko Goia aurkezten da berriz ere EAJrekin, azken lau urteetan Donostiako alkate izan ostean. PSE-EEren kasuan ere ezaguna da hautagaia, Ernesto Gascok errepikatzen baitu zerrendaburu gisa. EH Bilduk, ordea, aurpegi berri bat aurkeztu du Donostiako alkate izateko: Reyes Carrere eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohia. PPri dagokionez, Gipuzkoako politikan ezaguna den hautagai bat aurkeztu dute: Borja Semper. Irabazi Donostia koalizioa Elkarrekin Podemos koalizioarekin doa aurten, eta zerrendaburua ere berritu du: Aitzole Araneta da alkategaia.
Testuingurua ondo aztertzeko, 2015. urtera joan beharra dago. EH Bilduko Juan Karlos Izagirre zen alkatea garai hartan, eta koalizio abertzaleak zortzi zinegotzi zituen. PSE-EE zen zinegotzi gehien zituen bigarren indarra, zazpi ordezkarirekin, eta EAJk eta PPk sei zinegotzi zituzten. Urte hartako hauteskundeen ondoren, ordea, bi eserleku galdu zituen EH Bilduk, eta baita alkatetza ere. EAJ izan zen bozkatuena, eta sei zinegotzi izatetik bederatzi izatera pasa zen. Eneko Goia izendatu zuten alkate gehiengo soilarekin, PSE-EEk eta EH Bilduk zurian bozkatu baitzuten. PSE-EEk sei eserleku eskuratu zituen, eta berarekin osatu zuten udal gobernua jeltzaleek. PPri dagokionez, zituen zinegotzi kopurua erdira jaitsi zuen, seitik hirura pasatuz. Azkenik, bi zinegotzirekin sartu zen Irabazi Donostia koalizioa udalean.
Inkesten arabera, gauzak ez dira gehiegi aldatuko udalean maiatzaren 26aren ondoren. Izan ere, 2018ko abenduan EITBk egindako inkestan, EAJk aurreko hauteskundeetako goranzko joera mantenduko zuela azaltzen zen, botoen %30,1etik %35,4ra igoz eta hamaika zinegotzi lortuz. Inkesta horren arabera, PSE-EEk indarra galduko luke udalean, zazpi zinegotzi izatetik sei izatera pasatuko bailitzake; hau da, botoen %24,9a izatetik %21,3a izatera. EH Bilduk botoen %21,3a lortuko luke, 2015ean baino %0,1 gehiago, eta gaur egun dituen sei eserlekuak mantenduko lituzke. PPren kasuan, ia hiru puntuko jaitsiera izango luke (%9,6tik %6,7ra). eta hiru zinegotzi izatetik bi izatera pasatuko litzateke. Elkarrekin Podemosek, ordea, ia puntu bateko igoera izango luke, botoen %7,2tik %8ra, baina Irabazik dituen bi eserlekuak mantenduko lituzke.

Grafiko honek 2015eko Donostiako udal hauteskundeetako datuak erakusten ditu. (Iturria: Eusko Jaurlaritza)
Aurtengo otsailean, ordea, Eusko Jaurlaritzak beste inkesta bat egin zuen, eta datuak asko aldatzen ez baziren ere, pare bat aldaketa nabarmendu ziren. Alde batetik, EAJk 2015eko hauteskundeekin alderatuta gora egiten jarraitzen duen arren, hamar zinegotzi izango lituzte maiatzaren 26tik aurrera, EITBren inkestan baino baino bat gutxiago. Beste aldaketa nagusia PPri eta Elkarrekin Podemosi dagokiena da, izan ere, gaur egun PPk hiru zinegotzi eta Irabazi Donostiak bi dituzten bitartean, Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, Elkarrekin Podemosek hiru lortuko lituzke eta PPk bi. Hala ere, ikusteko dago Espainiako Gorteetarako hauteskundeek udal hauteskundeetan eragina izango duten edo ez. Hau da, parte-hartze altua mantenduko den, EAJk eta EH Bilduk gora egiten jarraituko duten, PSE-EEk PSOEren gorakada nabarituko duen, eta PPk behera egiten jarraituko duen.
Legealdiaren balorazioak
Donostiako Udala osatzen duten bost indarrek azken legealdiaren balorazio zeharo desberdinak dituzte. Goiak, esaterako, egoera txarrean zegoen hiri bat “aurrera atera” dutela adierazi zuen bere programaren aurkezpenean. Gascok, berriz, udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoa nabarmendu zuen 2018ko datuak eman zituenean, Alkateordetzak bultzatutako Donostia UP! planari esker hiriaren ekonomia asko hobetu dela azpimarratuz.
EH Bildu, PP eta Irabazi, aldiz, kritikoak izan dira udal gobernuarekin. Koalizio independentistak aburuz, udalak “porrotak” izan dituela eta “Donostia norabide kezkagarrian jartzen ari diren erabakiak” hartu dituela nabarmendu zuen argitaratutako balorazio dokumentuan. PPren kasuan, udalaren diskurtsoa “berritzeko” eta “lidergo berrien” beharra ikusten duela esan zuen Semperrek alkategai gisa aurkeztu zenean. Irabaziri dagokionez, udal gobernuak hiritarren arazo nagusiei “bizkarra” eman diela nabarmendu zuen bere balorazio dokumentuan, eta baita “gutxi batzuentzako” gobernatu duela ere.

