Alokairuaren prezioari muga jartzeko neurriak aurkeztu ditu Reyes Carrerek
Plan fiskal bat, pisu turistikoak mugatzeko “lehen solairuko araua” berreskuratzea eta alokairu soziala lehenestea dira EH Bilduren Etxebizitza politikaren ardatz nagusiak. Gaur aurkeztu ditu Reyes Carrere alkategaiak, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldun izateko hautagaiarekin batera.
Alokairuaren prezioaren hazkunde etengabeari aurre egiteko, Gipuzkoak fiskalitatean dituen eskumenez baliatzea proposatu du Reyesek. Horri aurre egiteko lau neurri fiskal indarrean jartzeko konpromisoa hartu du.
- Alokairuaren Prezioaren Erreferentzia Indizea ezartzea Donostian, “eremu bakoitzaren errentaren araberakoa. Indizea errespetatzen ez duen jabeak, Ogasunari gehiago ordaindu beharko dio”.
- IRPFan progresibitate irizpideak ezartzea, “etxebizitza alokatzen ari diren jabe handiek gehiago ordaindu dezaten”.
- Etxebizitza hutsei Etxebizitza Legean ezartzen diren neurri fiskalak aplikatzen hasten den lehen hiriburua izatea.
- Alokairuan bizi direnen egoera leuntzeko, orain jasotzen dituzten kenkariak %20tik %35era igotzea. “Era berean, alokairua ordaintzera inork bere errentaren %30 baino gehiago ez bideratzea bermatzeko laguntza ildo bat sortuko dugu”.
Horrez gain, epe motzea ezarri beharreko beste neurri bat proposatu du Carrerek. “Pisu turistikoen Ordenantza berri bat ezarriko dugu, hiru neurri jasoko dituena: lehenik, Parte Zahar osoa Ekialdeko zabalgunea barne, Erdialdea eta Gros saturazio gune izendatuko ditugu; bigarrenik, lehen solairuaren araua berreskuratuko dugu hiri osoan; eta hirugarrenik, hotelen eta ostatuen baldintza berberak eskatuko zaizkie: soinua, irisgarritasuna, segurtasuna eta abar”.
Ekialdeko auzoak
Bestalde, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo biziberritzeko Ekialdean Bizi programa bat abian jartzeko konpromisoa aurkeztu EH Bilduk. “Inguru honetako ekonomia biziberritu nahi dugu, bai, baina era berean, gure kaleak, plazak eta lorategiak gainerako auzoetakoak bezain dotore egotea nahi dugu”, azaldu zuen atzo Reyes Carrere alkateagaiak Intxaurrondon egindako ekitaldian.