"Talde lana da garrantzitsuena"
Donostiako alkate izateko erronkarekin bat egitea erabaki zuen. EH Bilduren hautagaia izango da udal hauteskundeetan, eta prest dagoela dio.
Hilabeteetako lanketaren ondoren, hauteskunde programa aurkeztu dute, eta zehazturiko proposamenak aurrera eramaten saiatuko da.
Erritmoa hartuta abiatu duzu hauteskunde kanpaina?
Bai, zalantzarik gabe. Hilabete asko daramatzat lanean, eta ez dut uste kanpainako erritmoa orain arte izandakoaren desberdina izango denik. Irailetik hona lan asko egin dut Donostiako eragileekin. Hiria aztertu eta bere argazkia egiten saiatu naiz. Askotariko 57 eragilerekin elkartu naiz, ia 600 pertsonarekin. Helburu nagusia izan da beraien kezkak ezagutzea, eta udalari eskatzen diotena jasotzea. Donostia bakarra dela esan ohi da, baina oso anitza da. Desberdintasun asko daude auzo batetik bestera; ez dituzte behar eta arazo berdinak. Azken batean, bi norabide landu ditugu. Batetik, donostiarrek zer nahi duten jaso dugu, eta bestetik, EH Bilduren nahi duena zehaztu.
112 neurriko programa aurkeztu duzue. Donostiarren bizi-kalitatea hobetzea duzue helburu. Nola lortuko duzue?
Hiru zutabe indartsu ditu gure programak: iraunkortasuna, burujabetza eta justizia soziala. Guretzat funtsezkoa da herritarren bizi-kalitatea erdigunean jartzea. Gure asmoa da hiri hitzarmenak egitea eragile eta alderdi guztiekin
Gainerako alkategaiak proposamen zehatzak egiten hasi dira. Zein da EH Bildurena?
Etxebizitzaren Behatokia. Egin ditugun bilera guztietan transmititu diguten kezka nagusia etxebizitzaren arazoa da. Ez da hiriaren arazo propioa, zergatiak asko dira. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak zehaztu ditugu epe motz eta luzera, iraunkortasuna bermatzeko. Adibidez, alokairuaren prezioan muga bat jarri nahi dugu, eta jaberen batek muga hori gainditzen badu neurri fiskalak ezarri. Pisu turistikoei dagokienez, lehen pisuko arauaren legea berreskuratu nahi dugu. Etorkizunera begira, uste dugu Donostiak etxebizitzen parke handi bat behar duela. Alokairu soziala ahalbidetu eta prezioak kontrolatzeko aproposena da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Etxebizitzaren Legeak argi dio etxebizitza bat bi urtez hutsik badago merkatura atera behar dela. Hori betetzea nahi genuke.
Beste hiru nabarmendu dituzue. Donostia Energia da horietako bat. Bideragarria dela uste duzu?
Hiria burujabe izan daiteke energiaren alorrean. Gure proposamena da energia zuzenean erostea udal ekipamenduetarako, eta hiriari banatzeko. Udalak kontrolatuko luke zeini erosten dion energia, eta noski, guk argi dugu energia berriztagarriaren alde egingo dugula. Bide beretik, klima aldaketaren kontrako neurriak jarriko ditugu. Horrez gain, udal energia enpresa sortuko bagenu lanpostuak sortuko genituzke. Bartzelonan abian jarri dute, eta Iruñean ere aurki izango dute. Etorkizunean ugaritu egingo dira horrelako udal energia enpresak.
Donostia Kirol Hiria proposamenak lotura zuzena du zurekin. Anoeta modernizatzea duzue helburu?
Ikuspegi integrala eman nahi diogu. Donostia da Euskal Herriko kirol eremu garrantzitsuena duen hiriburua. Ez dut Anoeta bezalako beste kirol gunerik ezagutzen. Gipuzkoako kirol federazioak handik kudeatzen dira. Hirian 20 kirol mota batera egin daitezke. Dena dela, egun kirolak dituen beharrak zehatzak dira.
Nik kirol federazio batean egiten dut lan, eta ondo ezagutzen ditut dauden beharrak. Maila arrunteko txapelketa bat antolatzea oso garestia da, kirolen arteko harremana indartu behar da eta baliabideak zaharkituta geratu dira. Kirola zaharkitua geratu da, Anoetako instalazioak bezala. Egoera irauli eta dagoena modernizatu behar da. Horregatik, belodromoa, Gasca, mini-estadioa eta Carmelo Balda pilotalekua berritu behar dira. Kirol erresidentzia bat egitea ere beharrezkoa iruditzen zait. Bestalde, kirol txartelaren erabiltzaileei kirol instalazio aproposak eskaini behar zaizkie, eta osasunarekin lotura duen kirol hiria sustatu.
Gainerako alderdiekin akordioak egiteko asmorik duzue?
Guk proposatzen dugun hiri hitzarmen horren barruan egon nahi dutenekin hitz egingo dut. Hiri hitzarmena ardatz gisara hartuko dugu politika egiteko. Aipaturiko hiru zutabeak ditu: iraunkortasuna, burujabetza eta justizia soziala. Horiekin bat egiten dutenekin ados jartzeko aukera izango dugu.
Elkarrekin Podemosen lehen parte hartzeak zuen emaitzetan eragina izango duela uste duzu?
Ez dut uste. Guk gure nortasuna eta ezaugarri propioak ditugu. Subiranistak gara, eta ezkerreko nortasun euskalduna dugu. Elkarrekin Podemosek ikuspegi estatala du. Guk Donostian hartu nahi ditugu gure erabakiak, eta gure etorkizuna Euskal Herrian erabaki. Arlo sozialean antzekotasunak ditugu, baina oinarrian desberdinak gara.
Alkate gisara edo oposizioko lana egiten ikusten duzu zeure burua?
EH Bildu erabakitze eremuetan egoteko lan egingo dut. Argi daukat hor egon behar dugula, hiriarentzat ona izango delako. Erabakitze eremu horiek alkate gisara hasi nahi nituzke, baina oposizioan bagaude ere jarrera bera mantenduko dugu. Horretarako herritarren babesa behar dugu.
Jeltzaleek eta sozialistek berriz ere gobernu akordioa egiten badute, gehiengoa baliatuko dute erabaki okerrak hartzeko. Gainera, azken legealdian ez dute gainerako alderdiekin akordioak lortzeko borondaterik izan. Hiria produktu bihurtu eta saldu egin dute. Beraien pagotxa bihurtu da. Horren aurrean guztiontzako hiria babesten dugu. Jasotzen dugun babesarekin lan egingo dugu hiriak behar dituen hitzarmenak bultzatzeko.
Prest zaude maiatzaren 26aren ondorengo lau urteko lasterketarako?
Bai, prest nago eta prestatuta. Talde lana da garrantzitsuena, eta hori izango da gure politikaren oinarria. Konfiantza asko ematen dit taldeak. Kirol mundutik nator, eta badakit taldeko kirola zer den. Taldeak gidari bat izan behar duela badakit, eta prest nago horretarako. Bestalde, lan asko egin beharko dut makina konplexu hau ezagutzeko. Udaleko dinamika ikasi behar dut. Horrek ez dit horrenbeste kezkatzen. Lan txukuna egitea da nire benetako ardura. Gure programak jasotzen dituen proposamenak betetzen ahaleginduko naiz, gobernuan ala oposizioan.