Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Interes orokorraren dezibelioak

Buruhauste bihurtu da Lugaritz, Mirakontxa eta Easo lotuko dituen metroaren proiektua. Lanek eragindako zaratek udal araudia errespetatzen ez dutela salatu dute kalteturiko donostiarrek. Bizi duten egoera «jasangaitzari» irtenbide bat emateko eskatu diote Euskal Trenbide Sareari eta Donostiako Udalari.

Kaltetuak1 Metroaren obrak Morlansen. (Argazkia: Joseba Parron)

Metroaren proiektuak 4,2 kilometroko luzera izango du, 200 milioi euro inguruko kostua, eta hiru geltoki berri: Benta Berri-Antigua, Kontxa-Erdialdea eta Amara-Easo. Eusko Jaurlaritzak 2017ko azaroan hasi zituen lanak, Eusko Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez. 2022rako azpiegitura erabilgarri egongo dela aurreikusten dute arduradunek. Donostiako Udalak, eskumenik ez duen arren, lanak hasi zirenetik adierazi du metroaren proiektuak hiriaren interes orokorrari erantzuten diola.

Indusketa lanak bukatuta, Lugaritzetik Mirakontxara eta Mirakontxatik Easora tunelak zulatzen hasi zirenean iritsi ziren bizilagunen kexak. Makinek eragindako zaratek eta dardarek donostiar hainbaten «ezinegona» sortu zuten. 2017ko abendutik egun arte hamarnaka dira Satorralaia bizilagunen mugimenduak jaso dituen salaketak: «Zulaketek gauetan eragindako zarata jasangaitzak, obrako makinek eragindako aire-kutsadura, hainbat etxebizitzetako gailu elektrikoak hondatu izana, pitzadurak, eta, batez ere, erakundeen aldetik jasaten duten utzikeria da obrak zuzenean kalteturiko bizilagunek salatzen dutena».

Topogunea da metroaren proiektuaren herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. 2017ko urria hasieran ireki zuen ETSk Easo kalean, eta udalak maiz adierazi du herritarren kexak bideratzeko gunea dela. IRUTXULOKO HITZA Topogunearekin jarri zen harremanetan iazko abenduan, ordura arteko kexen kopuruaren berri izateko. Atzerapen handiarekin, datuak bidali zituzten. Duela bi aste egindako eskaerari, ordea, ez diote erantzunik eman. Beraz, 2018 urte bukaerako datuak dira ondorengoak. Hau da, Topogunea ireki zutenetik iazko urte bukaerara bitarte jasotako eskaerak: 771 interakzio izan zituzten herritarrekin. Horietatik 333 bulegoan izan ziren, 154 telefono deiak eta 284 posta elektronikoak. Herritarren kexak 52 ziren, interakzioen %7a. Gehiengoa lanen kontrakotasunari buruzko iritziak ziren, eta gainerakoak proiektua ez beharrezkotzat jotzen duten pertsonen kexak. Etxebizitzen ikuskaritza eskaerak izan ziren interakzioen gehiengoa; 336, %44. Datuak berritzeko aukerarik ez du izan hedabide honek.

Kaltetuak2

(Argazkia: Joseba Parron)

Zenbakiak eta pertsonak
Antigua, Amara eta Morlans auzoetako bizilagun kaltetuek mahai inguru bat egin zuten Karmeliten egoitzan, maiatza hasieran. Gaur gu, bihar zu? lelopean, bizi duten egoera «jasangaitzaren» testigantza zuzenak eskaini zituzten. Askotariko arazoak jasan dituzte, eta oraindik ere jasaten ari dira: zaratak eta dardarak, kutsadura, osasun arazoak eta beste. Baina batez ere, lanak gauez geldiarazteko borroka nolakoa ari den azaldu zuten. Izan ere, gero eta herritar gehiago dira gaueko lanen erruz kaltetuak. Udal gobernutik, aldiz, kaltetuak gutxi batzuk izan direla azpimarratu dute. Horrela ere, borondatea erakutsi dute ETSeko arduradunei gauetan lanak gelditzeko eskatzeko.

Naiara Puertas eta Marisa Urra metroaren proiektuaren lanek kalteturiko bizilagunak dira. Biek aipaturiko mahai inguruan parte hartu zuten, helburu argi batekin: «Etorkizunean lanek kalteturiko herritar gehiago ez egotea nahi genuke». Bakoitzaren kasua desberdina da. Amarako Osasun Iturria kalearen bukaeran bizi da Urra. Lehen pisuan du bizitokia. Obrek eragindako zaratak, lehen aldiz, otsailaren 22an jasan zituen. «23:30ak inguruan sekulako zarata entzuten hasi nintzen. Eskaileretara atera nintzen izututa. Hotsa eskaileretan gora igotzen zen. Ordutik aurrera, gauero errepikatu zen hainbat egunetan. Harri txikitzaile bat buruan nuela sentitzen nuen», dio Urrak.

Kaltetuak4

Naiara Puertas eta Marisa Urra metroaren proiektuak kalteturiko herritarrak, Easo plazako geltokian. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Martxoaren 7an Udaltzaingoari deitu zion zaraten neurketak egiteko, eta gauerdia pasata iritsi ziren bere etxera. «45 dezibeliotik gorako zarata neurtu zuten, kasu batzuetan 52ra ere iritsi ziren. Neurketen ziurtagiria eskatu nien, eta Mandasko Dukearen egoitzara joateko esan zidaten. Kostata, baina azkenean txostena eskuratu nuen». Hurrengo egunetan, beste bi aldiz deitu zuen Udaltzaingora. «Hirugarren aldiz deitu nuenean neurketak eskatzeko, dagoeneko bitan nire etxera etorri zirela erantzun zidaten». Horrela ere, udaltzainen hiru txosten ditu Urrak. Gerora jakin zuen «baliogabeak» zirela. Izan ere, zaratak neurtzeko eskumena ETSrena da, metroaren proiektuak horrela jasotzen duelako. Zehazki, ETSk neurketak egiteko enpresak azpikontratatzen ditu, eta adjudikatutako zatien arabera desberdinak dira.

Horrelako batean, Patxi Agirre ETSko langile eta proiektuaren arduradunetako bat Urrarekin jarri zen harremanetan. «Nire etxetik pasa nahi zutela esan zidan. Martxoaren 20an pasako zirela adostu genuen. 23:30ean geratu ginen, eta 00:30ak pasata etorri ziren. Etorri zirenerako zaratarik ez zen entzuten. Hondeatzaile makinaren besoa puskatu omen zen nire etxean neurketa egin behar zutenean. Hau kasualitatea eta zorte txarra. Esan nien adar jotze bat zela». Bi egunetara berriz ere deitu zion Agirrek barkamena eskatzeko, eta beste neurketa bat adostu zuten. «Bigarrenez etorri zirenerako makina zulatzaileak kalean beherago ari ziren lanean. Halere, neurketak egin zituzten eta 30 eta 40 dezibelio artekoak izan ziren», azpimarratu du. Hiru asteko «amesgaiztoaren» ondorioz, osasun arazoak izan zituen Urrak. «Tapoiak erabiltzeagatik bertigoak izan nituen eta medikuak pilulak eman nahi zizkidan. Oso gaizki pasa dut, sekulako ezinegona».

Benta Berrin bizi da Puertas. Apirilaren lehen egunetan nabaritu zituen lehen zaratak. «Apirilaren 8an ETSri neurketa bat egiteko eskatu nion. 17an nire etxera etorriko zirela esan zidaten, baina egun bat lehenago ETSko emakume batek deitu zidan esateko ezingo zirela etorri lanik egingo ez zutelako. Baina lan egin zuten». 6:30ak aldean Udaltzaingoari deitu behar izan zion zarata jasanezina zelako. ETSra ere deitu zuen gezurra esan ziotela salatzeko. «Gaizki-ulertu bat izan zela erantzun zidaten, baina arrazoia beste bat dela uste dut. Lanik egingo ez zutela esan zidaten bazekitelako egun horretan etorrita zarata asko neurtuko zutela», azpimarratu du Puertasek.

Donostiako Udalbatzaren legealdiko azken udalbatzarra apirilaren 17an izan zen. Puertas eta Urra gainerako kaltetuekin batera udal batzar aretora joan ziren protesta egitera. EH Bilduren udal taldeak mozio baten bidez eskatu zuen lanak gauez etetea. Ados agertu ziren gainerako udal taldeak. Ordea, gauez lan egiten jarraitu zutela salatu du Puertasek. «Neurketa eskatu nuenetik bi astera etorri ziren nire etxera. 20 eta 27 arteko dezibelio kopurua atera zen. Nire bizilagunari, berriz, 32 batez beste eta 36 kopuru gorena. Emaitzak jasotzeko beste bi aste pasa ziren». Hiru astez egon ziren zaratekin, goizez eta gauez, eta «txarrena» dagoeneko pasa dela dio.

Araudia ez da betetzen
Martxoa bukaeran Amarako 179 bizilagunek lanak gauez egiteari uzteko eskatu zioten udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Arartekoari. Eneko Goia alkateak egun gutxira adierazi zuen ETSrekin hitz egin ostean, Amarako lanak «birprogramatu» eta gauez egiteari utziko ziotela. Ordea, kaltetu hainbatek adierazi dute ez dela horrela izan.

Kutsadura akustikoa arautzen duen udal ordenantzak gaueko orduetan –22:00etatik 8:00etara– etxebizitzetan ezartzen duen gehienezko 27 dezibelioko muga «nabarmen» gainditzen duela salatu zuten Amarako kaltetuek. Interes orokorreko lanetarako, berriz, muga 30 dezibeliokoa dela erantzun zien ETSk. Datuek, ordea, muga hori ere gainditzen dela erakusten dute. Era berean, ETSk azpimarratu zien bizilagun kaltetuei balio duten neurketak eurek egindakoak direla.

«Baina zer da interes orokorra? Inork ez digu argitu. Ez dago araurik hori zehazten duenik. Hiriaren interes orokorraren izenean herritarren ongizatea kaltetzeko eskubidea dute. Azken batean, ETSk nahi duena da denbora irabazi gure kontura», salatu du Puertasek. «Langileekin hitz egin nuen, eta argi esan zidaten gauez lan egin behar dutela epeak bete ahal izateko. Ematen du ETSk nahi duen guztia egiteko baimena duela. Udalari bizkarraren gainetik begiratzen dio», gaineratu du Urrak. Satorralaiak beste kaltetu baten testigantza azpimarratu nahi izan du: «Metroaren proiektuaren arduradun batek hitzez hitz honakoa onartu zion: Euskal Trenbide Sarearentzako Donostia araurik gabeko hiria da. Beraz, badirudi nahi dutena egin dezaketela».

Hemendik aurrera zer egin aztertzen ari dira kalteturiko herritarrak. Bitartean, Urrak uste du batetik bestera jarraituko beharko dutela neurketak eskatzeko eta emaitzak eskuratzeko. «Argi dago mareatu nahi gaituztela beraiek lanean jarraitzeko». Puertasek nahiko lukeena da egiten ari diren lana «alferrikakoa» ez izatea. «Guztiok gara donostiarrak, eta Amarako lanak gauez gelditzea erabakitzen badute, zergatik ez dute gauza bera egiten obren hiriko zati guztietan? Donostiako Udala donostiar guztiena bada, guztion interesen alde lan egin beharko luke. Martxa honetan Eusko Legebiltzarrera joan beharko gara azalpenak eskatzera».

HITZAkide HITZAkide