Udal hauteskundeetako datuak emango ditu Irutxuloko Hitzak, auzoz auzo
Hauteskunde eguna da gaurkoa, eta deialdi hirukoitza egin da gaurko: Europako Parlamentua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala berrituko dira. 159.000 donostiar daude deituta gaur udal hauteskundeetan bozkatzera, eta IRUTXULOKO HITZAk jardunaldi elektoralaren egun osoko jarraipena egingo du bere webgunean, hauteslekuen irekieratik botoen kontaketara arte.
Gainera, hautagai nagusiei buruzko informazio guztia eta azken asteetako kanpainaren inguruko albisteak bildu ditu tokiko hedabideak atal berezi batean. Hautetsontziak ixten diren unetik aurrera, datuak jaso ahala, Donostiako emaitzak jasoko ditu webgunean, auzoz auzo.

