Era berri bat San Joan bezpera ospatzeko
Ekainaren 23an Subizi gaua egingo dute Egiako Plaza Haundin. Haur, gazte zein helduek parte hartzeko egitaraua antolatu du Egia Bizirik auzo elkarteak.
«Solstizioan sorginkeriek indarra zuten lehenbizi, ohitura zaharrak gogoan hartu eta mantendu bizi». Esaldi hori irakur daiteke Egiako Subizi gaua iragartzen duen kartelean. San Joan bezpera ospatzeko proposamen berri bat landu du Egia Bizirik auzo elkarteak, eta hilaren 23an ikusi ahal izango da Plaza Haundin. «Gaitzak uxatu eta osasuna izan dezagun biharko beldurrik gabe egingo dugu suaren gainetik salto». Dena dela, ez hori bakarrik. Arratsaldetik gauerdira bitarte jarduera ugari antolatu dituzte. Sua piztu aurretik, eta ondoren.
Ezaguna da Egian ospatzen den San Joan bezpera. Iaz, ordea, beste pauso bat ematea erabaki zuten. «Emakumeen parte hartzea sustatzeko formatua aldatzeko nahia zegoen. Lilatoian parte hartu ohi dugun emakume taldearen partetik ariketa bat egin genuen. Ikusi genuen gogoa zegoela festa beste era batera egiteko», azaldu du Itxaso Alkortak. Pasa den urteko proposamenak harrera ona izan zuen. «Hausnarketa bat egin eta ikusi genuen ez zela egun hori soilik lotu behar emakumeen aldarriarekin. Egokiagoa iruditu zitzaigun solstizioarekin lotzea».
Ohitura zaharrak berreskuratzea erabaki zuten, eta horretarako Aranzadi Zientzia Elkartera jo zuten. «Fermin Leizaolarekin elkartu ginen garai bateko usadio zaharren berri izateko», adierazi du Alkortak. Ildo beretik, San Joan sua ama lurrarekin lotzeko helburuarekin erabaki zuten aurtengo festari Subizi gaua izena jartzea.
Duela bi hilabete deialdi irekia egin zuten auzoan, eta dagoeneko 200 haur, gazte zein heldu inguruk eman dute izena. «Parte hartzeko hainbat aukera egongo dira. Haur eta gazteek ontzi-dantza egingo dute. Izarne Zelaia arduratu da dantzaren abestia egiteaz, eta 23an kantatuko diren koplak ere berak idatzi ditu».
Entsegu orokorra
Hilaren 20an San Joan bezperako entsegu orokorra egingo dute Aitor ikastolan (19:00). Oraindik ere parte hartu nahi dutenek aukera dute ikastolara azaldu eta Plaza Haundin eskainiko diren dantzak ikasteko.
Ekainaren 23rako, berriz, egitarau zabala prestatu dute. Hasteko, tortilla txapelketa egingo dute. 19:00etarako aurkeztu behar dira, eta 19:30ean izango da sari banaketa. 20:00etan, berriz, afari-meriendaren txanda izango da. Dantzaldia 20:30ean hasiko da Xabi Arakama hirukoarekin. Ohiko lore sorten banaketa 21:30ean egingo dute. Ontzi-dantza 22:00etan eskainiko dute haur eta gazteek, eta 22:15etik aurrera su inguruko festa herrikoia egingo dute, koplak kantatuz, dantzatuz eta suaren gainetik salto eginez.