Josetxo Irastorzari omenaldia egin diote Amara Berriko San Joan jaien hasieran
Eguraldiak asko lagundu ez duen arren, lepo zegoen Probestu plaza arratsaldeko erdi partean, izan ere, han bota dute Amara Berriko San Joan jaien hasierako txupina. Gustu zein adin guztietarako jarduerak prestatu ditu Ikasbide kultur elkarteak gaurtik igandera bitarte.
Arratsaldeko lehen orduan egin dute jaietako lehen jarduera: umeentzako jolasak. Ondoren, txokolate jatea egin dute, eta 19:30ean txupina bota dute, Josetxo Irastorza auzotarrari omenaldia egitearekin batera. Gaiteroek, buruhandiek eta erraldoiek girotu dute arratsaldea, eta euripean auzoko kaleetatik zehar abiatu dira kalejiran, jai giroa Amara Berri osotik zabaltzeko. Jaietan zehar zabalik egongo den Txabol Sotoa ireki dute gaur ere, eta belaunaldi guztientzako afari herrikoia egingo dute. Urtero bezala, berbena antolatu dute gauerako, aurten, DJ Mendiren eskutik, eta 22:30ean zezensuzkoaren txanda izango da.
Josetxo Irastorzari omenaldia
Jaien hasierako ekitaldiaren unerik hunkigarria izan da Josetxo Irastorzari egin dioten omenaldia. Kultur elkartekoak urtero saiatzen dira Ikasbideri ekarpena egin duten pertsonak omentzen, eta aurten Irastorzari eman diote ohorezko domina. Ikasbide ikastolaren sorreran egon zen Irastorza, eta betidanik kantuan ibili da Kantujira taldearekin eta beste hainbat kantalditan. Hori dela eta, Ikasbideko kantu taldeak bi abesti abestu ditu, eta aurretik, bere omenezko agurra dantzatu dute auzoko hiru dantzarik. Irastozak elkartearen ibilbidean egindako lana nabarmendu dute ekitaldian, eta “orain arte bezain tinko” jarraitzera animatu dute.
IRUTXULOKO HITZAk irudi bilduma batean jaso ditu arratsaldeko unerik onenak.