Miramonen beste hotel bat egitea baimendu du udalak
Donostiako jarduneko udal gobernuak Miramonen beste hotel bat eraikitzeko lizentzia onartu du. Zehazki, Dulce Maria Loinaz kalean eraikiko dute hotel berria, Onkologikoa eta eliza mormoiaren inguruan. Urbialde Iru izango da promotorea, eta sei hilabeteko epea izango du lanekin hasteko. 2021eko bukaerarako eraikitze lanak bukatu beharko ditu.
Azken legealdian hotel ugari ireki dira hirian, eta beste hainbat eraikitzen ari dira. Azken urteetan Donostiako auzo hainbatetan ireki diren hotelak ondorengoak dira: Groseko Arrizul Congress, Sansebay, Akelarre, Tabakalera One Shot, Villa Birdie, Lasala Plaza, Gorka Room Mate, Villa Victoria Intur, Unanue Zar, People Rentals-en apartamentuak Lorean eta Pio XII.aren kaleko Casual. Bestalde, Miramonen eraikiko duten hotela ez da lehendabizikoa. 2017an Arima hotela ireki zuten. Aipaturikoen eskaintza orokorra 500 gela eta 1.000 ohekoa da.
Gaur egun beste hainbat hotel eraikitzen ari dira hirian. Hala nola, Amarako Axel, Hondarribi eta San Martin kaleko Basati eta Andre Mariaren Mirabeak-eko Zenit, Zubieta kaleko 3. zenbakian egiten ari direna eta Londres hotelaren handitzea. Bestalde, Loiolako Erriberan The Student Hotel izeneko hotela egitea aurreikusita dago, beste bat Frantzia pasealekuan eta beste bi Mirakontxako etxeetan. 2020rako aurreikusten da hiriko hotel eskaintzak 400 ohe gehiago izatea. Hotelen ugaritzearen aurrean, udaletik maiz azpimarratu dute ohe gutxiko eskaintza dutela.
Hotelen aferak
Hirian eraikitzen ari diren hainbat hotelen harira, kexak eta protestak sortu dira. Catalonia hotela eraikitzen hasi zirenean San Bartolomeko elizaren zati handi bat eraitsi zuen enpresa eraikitzaileak. Parte Zaharreko Kale Nagusian egiten ari diren hotelaren aurrean protesta ugari egin dituzte. Aldiz, Ulia-Ategorrieta eremuan eraiki nahi duten hotelak irregulartasunak dituela salatu dute Uliako Auzo Elkarteak, Bizilagunekin plataformak, eta Duintasuna elkarteak.