TAO zerbitzuak aldaketak izango ditu aplikazioaren erabiltzaileentzat
Donostiako Udalak TAO zerbitzuaren kontratu berria adjudikatzeko prozesua abiatu du, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Esaterako, aparkatzeko mugikorreko aplikazioa erabiltzen dutenek ez dute egungo komisioa ordaindu beharko. Hau da, makinetako prezioak ordainduko dituzte.
Egun indarrean dagoen zerbitzua agortzear da, eta udalak kontratu berria iraila edo urrirako adjudikatzea espero du. Sei urteko iraupena izango du eta bi ataletan banatuta dago. Aurreneko hiru urtetan aurrekondua 6,4 milioi eurokoa izango da urteko, eta azken hiru urtetan 6,8 milioi eurokoa. TAOaren lehen atalak Erdialdearen kontrolari dagokio (Mirakontxa eta Pio XII.a arte), eta bigarrenak Gros, Antigua, Egia eta Amara Berri auzoetako kontrolari.
Zerbitzu berria ezartzerakoan, txartela ateratzeko makina zaharrenak aldatuko dira, eta makina kopurua gutxituko da. Izan ere, mugikorren bidez aparkatzeko aplikazioak gero eta erabiltzaile gehiago ditu; egungo eragiketen %33 telefonoen bidez egiten da. Bestalde, kontrola matrikulen irakurketaren bidez egingo da. Eta hori kalean dauden langileek egingo dute PDAren bidez, baita kontrola egiteko erabiltzen diren autoen bidez ere. Azken hauen ibilbideak luzatuko dira.