Traineru donostiarrek helburu desberdinak izango dituzte
Arraun Lagunak onenekin ariko da igandean, eta bandera astintzeko aukerak ditu. Donostiarrako bi ontziek, berriz, kontsolazio txanda irabazi nahi dute.
Lehia polita espero da etzi, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan ez dago ezer erabakita, nahiz eta lehen igandean denbora onena egin zutenek abantaila izan. Hau da, Oriok eta Hondarribiak. Sei eta bost segundoko errenta kudeatu beharko dute, hurrenez hurren. Arraun Lagunak traineru donostiarrak, bigarren sailkatu ondoren, sei segundoko tarte hori jateko itxaropena du.
Donostiarra ez da banderaren lehian izango, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Horrela ere, kontsolazio txanda irabazten ahaleginduko dira. Gizonezkoetan, Hondarribiaren arerioa Orio da, bost segundoko abantaila gainditu daitekeelako kale zozketaren, itsasoaren egoeraren eta bakoitzaren indarren arabera.
Kontxako estropadek, ordea, bereizgarri ugari dituzte emaitzetatik harago. Arrauneko proba gorena izanik, arraunlari askoren ametsa da Kontxako uretan arraun egitea. Urtero estreinatzen dira hainbat, eta Donostiako hiru traineruetan ere badira aurreneko aldiz Kontxako Banderan parte hartu dutenak. Horietako hirurekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak: Arraun Lagunakeko Lorena Garcia (Sodupe, Bizkaia, 1998), eta Donostiarrako Larraitz Esnaola (Intxaurrondo, 1995) eta Xabat Pastor (Hernani, Gipuzkoa, 1999).
Ez dira arraunean hasiberriak, baina lehen aldiaren urduritasuna bizitzeko aukera izan dute. «Estropada iristeko gogoa nuen, eta urduri ez nengoela uste arren, lo egitea kostatu zitzaidan pasa den astean. Gozatzeko asmoarekin atera nintzen», azaldu du Esnaolak. «Kanpotik asko gozatu dut Kontxako Bandera, nire ahizpak parte hartu ahal izan duelako. Barrutik lehen aldia da bizi izan dudala, eta desberdina da», gaineratu du. «Kontxan aurrenekoz parte hartzeak nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Arraunlari orok desio du Kontxan parte hartzea. Gainera, zer den jakiteko parte hartu behar da», dio Garciak.
Pasa den urtean aritu zen lehen aldiz Kontxan, eta aurten errepikatzeko aukera izan du Pastorrek: «Ezustekoa izan zen entrenatzaileak emandako aukera. Gogoan dut iaz astea hurbildu ahala asko urduritu nintzela. Arrauna asko bizi izan dut txikitatik eta Kontxan aritzea oso berezia izan zen. Zerbait berezia pizten dizu».
Esperientzia biribiltzeko
Bigarren jardunaldian eskura dutena lehiatzeko prest daude hiru aurraunlariak. «Bandera irabazteko aukera dugu, eta dena ondo ateratzen bada lor dezakegu. Sei segundo eta erdikoa da aldea. Bi olatu izan daitezke. Gogotsu gaude Oriori aurrea hartzeko», dio Garciak.
Donostiarrako bi ontziek, berriz, ohorezko txandako onenak izan nahi dute. «Onena ematen saiatuko gara. Irteera eta arraunketa ona egin nahi dugu, txanda irabazteko eta sailkapenean gora egiteko», adierazi du Esnaolak. Ideia berarekin lehiatuko da gizonezkoen trainerua. «Ligan bigarren txandan aritu gara gehienetan, eta onenak izaten ahalegindu gara. Txanda irabaztera atera, eta gainera, sailkapenean aurretik ditugunak gainditzen baditugu, hobe», esan du Pastorrek.
Kaia, Pasealeku Berria, Urgull mendia eta hiriaren kostaldea koloreztatuta ikustea ikaragarria dela azpimarratu dute hiruek, eta kolore guztietako zaleak animatzen ikustea paregabea dela. Etzi esperientzia hori errepika