Woody Allenen gastu batzuk bere gain hartu ditu udalak
Elkarrekin Donostiak egindako salaketaren ostean eman du udalak erabakiaren berri. 60.000 euroko diru partida onartu du udal gobernuak.
Donostiako Udalak astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen Woody Allen zinemagilearen filmaren grabazioak eragindako gastu batzuk ordaintzea. Dena dela, batzordeko osteko prentsaurrekoan ez zuten erabaki horren berri eman. Elkarrekin Donostia udal taldeak egindako salaketaren bidez jakin zuten hedabideek udal gobernuak onarturikoa. Dena dela, koalizioak zabalduriko informazioa okerra zela adierazi zuen udalak, eta erabakiaren xehetasunak eman zituen.
Allenen filmaketaren gastuetarako udalak 130.000 euro bideratu dituela salatu du Elkarrekin Donostiak, eta informazio gehiago eskatuko dutela adierazi dute. Aldiz, udal gobernuak kopuru hori ezeztatu eta gastua 60.000 eurokoa izango dela esan du. Zehazki, onartu duten diru partida ondorengo baliabideetarako izango dela azpimarratu dute: Miramar Jauregiaren alokairua –48.753,16 euro– Kursaalen alokairua –4.194,22 euro– eta Kosten Zuzendaritzak ezartzen duen tasa –3.000 euro gutxi gorabehera–.
Uztaileko bozeramaileen batzordean Eneko Goia alkateak esandakoa gogora ekarri du Elkarrekin Donostiak: «Allenen filmaren grabaketak ez zuela udal diru kutxan gasturik eragingo adierazi zuen». Udalak, ordea, baliabide batzuk bere gain hartzea erabaki du ondorengo arrazoiengatik: «Allenen filma interesgarria da hiriarentzat eta Donostiako Zinemaldiarentzat».
Filmaketak udalaren hainbat sailetan izandako «gainkostuaren» berri emateko eskatuko du Elkarrekin Donostiak. «Besteak beste, grabaketa egin den bitartean hiriko hainbat eremutan erabili diren mugikortasuneko langile kopurua jakin nahi dugu». Era berean, zinemagile estatubatuarrak eta lan taldeak hiriko ostatuetan prezio berezirik izan zuten jakin nahi dute.
‘The Guardian’ egunkarian
Donostiako turismoaren eta Woody Allenen filmaren inguruan hitz egiten duen iritzi artikulua argitaratu du The Guardian egunkari britaniarrak. Bizilagunekin plataformako Mikel Agirrek idatzi du testua, eta hor azaldu du Donostiak jada «gehiegizko turismoa» jasaten duela, eta Allenen filmaren eraginez, hiria «bere arrakasta propioaren biktima» izatera iritsi daitekeela.