'Berrikuntza eta Iraunkortasuna' saria irabazi du Donostiak
Turismoaren Munduko Erakundearen sari bat eskuratu du Donostiak, Errusiako San Petersburgo hirian. Hain zuzen, Politika Publikoetan eta Gobernantzan Berrikuntza eta Iraunkortasunari saria eman diote. Eneko Goia alkateak jaso zuen atzo, hiriak pertsonak ardatz dituen turismo eredu baten alde egindako “apustua eta estrategia” aurkeztu ostean.
Love San Sebastian. Live Donostia proposamena izan da saritua. Helmugaren kudeaketan eta sustapenean hiriko lehentasunen agendan izandako aldaketa, 2017-2012 Turismoko Gida Planak sustatua, ematen du aditzera proiektu horrek. “Pertsonak hiriko turismoaren garapen-ereduaren erdigunean kokatzen ditu, eta turismo iraunkor, orekatu, jator eta kalitateko baten alde egiten du”, azpimarratu du udalak.
Nazio Batuen Turismoaren Munduko Erakundearen batzar orokorra egiten ari dira San Petersburgon, eta Donostia hara joan da ordezkaritza zabalarekin.