Ezkutatuta bizi behar izan zutenen beldurra
Aurten ere euskal ekoizpen batek lekua egin du Zinemaldiko Sail Ofizialean. Moriarti ekoiztetxea hirugarrenez ariko da 'La trinchera infinita' filmari esker Urrezko Maskorraren lehian.
Euskal zinemaren uzta oparoa izango da 67. Zinemaldian. Hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur proiektatuko dituzte hainbat sailetan banatuta. Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko La trinchera infinita filma Zinemaldiko estreinaldi esanguratsuetako bat izango da. Gainera, Moriarti ekoiztetxeak hirugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango dira.
1936ko gerrak eztanda egin zuenean ezkutatzea erabaki zuten pertsonen inguruko film bat egin zitekeela proposatu zien Goenagak gainerakoei. «Filmaren ideia 2011. urte inguruan sortu zen, Jose Marik 30 años de oscuridad dokumentala ikusi ondoren», azaldu du Garañok.
Gerran ezkutatu ziren horien historia «deigarria» iruditu zitzaien, baina beste arrazoi batengatik egin zuten aurrera proiektuarekin. «Beldurraren inguruko alegoria bat egin zitekeela ikusi genuen. Beldurra pertsona baten erraietan sartzen denean oso zaila da kontrolatzea. Filmak proposatzen duen hausnarketa interesgarrienetakoa da», nabarmendu du Garañok.
«Ikuslea ezkutatuaren azalean jarri nahi dugu. Gure erronka handietako bat izan da 33 urtez etxetik atera ez den gizon baten istorioa kontatzea», adierazi du Goenagak. Filmak kontatzen duen istorioa transmititzea dute helburu: «Gustatuko litzaiguke jendearentzako gaia interesgarria izatea, eta ikus-entzuleek filma etxera eramatea eta euren barrenean zerbait astintzea».
Ilusio berdina
Hirugarren aldia da Moriartiko kideek film bat Sail Ofizialean aurkezten dutela. Ilusioari dagokionez, lehen aldian bezala sentitzen dira. «Guretzako erronka da Zinemaldiari filma aurkeztu eta eurek baiezkoa ematea. Loreak berezia izan zen lehena zelako, Handia-ren hautaketa ere ilusioarekin bizi izan genuen, eta film honekin ere oso pozik gaude», azpimarratu du Garañok.