"Filma ikusi ondoren jendeak galderak egitea nahiko nuke"
Donostiako Zinemaldian estreinatuko du iraupen luzeko lehen dokumentala Maider Fernandez Iriartek (Amara, 1988). Pertsonen arteko harremanetan oinarrituriko istorioa osatu du 'Las letras de Jordi' lanean. New Directors sailean ikusi ahal izango da, eta zuzendari berri gisara egindako ikasketen eta ikerketen emaitza aurkezteko prest dago.
Gogoan duzu noiz sortu zitzaizun zinemarekiko zaletasuna?
Bai, DBHko 4. mailan nengoela, naturako klasean, Aquariumera joateko sarrera batzuk oparitu zizkiguten, Deep Blue dokumentalaren making off-a ikusteko. Gogoan dut ikusterakoan harrituta geratu nintzela. Gerora pentsatu nuen National Geographic-eko kamera izan nahi nuela, eta honela hasi zen nire zaletasuna.
Ikasketak bide horretatik bideratu zenituen?
Biologia ikasi nuen hiru urtez, eta uztea erabaki nuen. Ondoren, Gizarte Hezkuntza ikasketak egin nituen, eta telebista zein zinema errealizazioa ikasi nuen Andoaingo ESCIVI eskolan. Azkenik, Bartzelonan dokumentalgintzaren inguruko masterra egiteko aukerari heldu nion. Nolanahi ere, biologia ikasten hasi nintzenean argazkigintza eta dokumentalgintza gustuko nituen, eta Moriartiko Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin ikastaro bat egin nuen.
Gaur egun, Bartzelonan bizi zara. Zergatik erabaki zenuen hara joatea, ikasketengatik?
Benetako arrazoia da nire bikotekidea Bartzelonan bizi dela, eta horregatik aukeratu nuen bizitoki gisa. Baita ere, Bartzelonan sortu ziren duela hogei bat urte dokumentalgintzako ikasketa berezituak. Pompeu Fabra unibertsitatea aitzindaria izan zen alor horretan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin batera. Katalunian bada tradizio moduko bat dokumentalgintzari lotua.
Bartzelonan egin duzun masterra zehazki zeri buruzkoa da?
Sormenezko dokumentalen inguruko master bat da, eta hiru ardatz ditu. Lehena, klase teorikoak eta hainbat zinemagilek emandako klaseak. Bigarrena, sortzaile baten filmean parte hartzeko aukera, eta zinemagilearen eskuzabaltasunaren arabera gehiago parte har dezakezu lanean. Eta hirugarrena, zure proiektua han garatu ahal izatea. Niretzat, azken hori izan zen garrantzitsuena, eta gehien interesatzen zitzaidana. Hau da, lana grabatzen ari nintzen bitartean tutoretzak nituelako, eta norbaitekin hitz eginez aurrera egiteko aukera eskaintzen zuelako.
Masterra iaz bukatu nuen, eta hortik gutxira aukera izan nuen proiektua Ikusmira Berriak egitasmoan sartzeko. Masterra sei hilabetekoa da eta gero ia urte oso bat izan nuen azken lana osatzeko tutoreen laguntzarekin batera.
Gipuzkoako Aldundiaren beka bati esker izan duzu aukera ikasketak aurrera eramateko.
Horrela da. Donostian lanean ari nintzen, eta diru-laguntza jasotzean lana uztea erabaki nuen. Masterraren prozesua behar bezala aurrera eramateko ezinbestekoa zen beka hori.
Zehazki, Tabakaleran aritu zinen lanean. Nolakoa izan zen esperientzia?
Hasieran teknikari gisa aritu nintzen, eta ondoren hezkuntzako taldean. Teknikari lanak egin nituenean oso interesgarria izan zen niretzat Tabakalerako sail guztietatik pasatzen ziren artistak ezagutzea. Nik euren jarduerak grabatzen nituen, eta baita ere egiten genizkien elkarrizketak. Hori dena dokumentatzen nuen. Gero, hezkuntzako sailera pasa nintzenean sekulako aukera izan zen gustuko ditudan bi alor uztartu nituelako, hezkuntza eta ikus-entzunezkoak.
Bartzelonako ikasketen emaitza da Las letras de Jordi dokumentala. Ideia masterra hasi aurrekoa da edo ikasketekin batera garatu duzu?
Masterra ikasteko erabakia hartu nuenean proiektu bat idatzi eta bidali behar nuen Pompeu Fabra unibertsitatera. Ez nekien oso ondo zer egin. Bat-batean, paperak bidali behar nituen astean, mirarien inguruko ideia bat sartu zitzaidan buruan. Lourdesen inguruko dokumental behatzaile baten proiektu zirriborroa bidali nien.
Behin proiektu hori masterrean lantzen hasi nintzenean, oso interesgarriak izan ziren tutorearekin izandako topaketak. Tutoretza horien erronka zen norberak jakitea zergatik egin nahi film hori. Oso gauza sinplea dirudi, baina askotan zaila zen horri erantzutea. Sakontzen zoazenen heinean interesak aldatzen doaz eta ikerketa aurrera doa aldi berean. Ikerketa egiten ari nintzela Lourdesera joaten diren erromesen talde bat ezagutu nuen Bartzelonan. Beraien pare bat bilera grabatu nituen, eta etxean irudiak ikusterakoan Jordirengan jarri nuen arreta. Pertsona autentikoa iruditu zitzaidan. Topaketak izatea proposatu nion, eta baiezkoa eman zidan. Hortik aurrera zeharo aldatu zen filma. Astean behin joaten nintzen Jordirengana, elkarrizketak izaten genituen, eta horiek filmatzen nituen nire kamararekin. Elkarrizketa horiek guztiak izan dira filmaren muina.
Bartzelona (Katalunia) eta Lourdes (Frantzia). Muin-paralisia duen Jordi izeneko sinestuna. Sakona dirudi dokumentalak.
Baliteke, bai. Hasieran nik ezagutu nahi nuen Jordik fedearekiko zuen lotura. Azkenean, ordea, ez dut uste filmak fedearen inguruko gogoetarik egiten duenik. Harremanetan jartzen du fokua, komunikazioaren beharrean. Elkarren arteko harremanak izateko eta norberak bere identitatea sortzeko. Ikusleari zerbait sortzen badio, hori izango dela uste dut; harremanei buruzko galderak.
Jordik berak nola hartu du lan baten protagonista bihurtzearena?
Nik uste dut bera ere ez dela oso kontziente filmak izan dezakeen oihartzunaz. Ez daki zenbat jendek ikusiko duen. Berak filma ikusi du eta bere parte hartzea gustatu zaio. Aproposagoa litzateke galdera hau hilabete barru egitea, Zinemaldia pasata.
Zer gustatuko litzaizuke jasotzea filma ikusten dutenen partetik?
Filma ikusi ondoren jendeak galderak egitea nahiko nuke. Hori ona dela uste dut. Nahiko nukeena da jendeak zerbait sentitzea filma ikustean, eta ez ateratzea zinematik sentsaziorik gabe.
Ez da zure bakarkako lehen filma, baina bai iraupen luzekoa, ezta?
Hori da, bakarkako bigarren lana da. Instalazio bat egiteko diru-laguntza eman zidaten, eta horrekin film labur bat osatu nuen, Amor siempre izenekoa. Aldiz, iraupen luzeko lehen lana da Las letras de Jordi.
Donostiako Zinemaldian estreinatzeko aukera izango duzu. Nabari duzu benetako unea, erakusteko unea, iristear dela?
Sekulako gogoa dut Zinemaldia nire lan berriarekin bizitzeko. Ikusten dut badagoela interesa filmaren inguruan, eta horrelako jaialdi batean proiektatzeak ikusgaitasun berezia ematen dio. Hori interesgarria da. Distantziarekin bizi dut, baina era berean eguna iristeko desiatzen nago. Espero dudana da dena behar bezala ateratzea.
Las Chicas de Pasaik egitasmoarekin izan zara Zinemaldian, eta orain bakarkako bidea eginez parte hartuko duzu. Pauso berri bat da zuretzako?
Bai noski. Oso polita da. Nik bakarka bizi izan dut prozesua, eta esango nuke sortzaile eta pertsona gisara esperientzia sakonena izan dela. Sekulako aukera da niretzako horrelako zinema jaialdi batean aurkeztea. Tokirik hoberena da, etxean erakutsiko dudalako.
Juanmi Gutierrez zenak ere dokumentalgintza jorratu zuen, eta haren azken lana ere Zinemaldian ikusi ahal izango da. Dokumentalen beste alor bat jorratu bazuen ere, gustuko duzu bere lana?
Lan batzuk ikusi ditut, eta pertsonalki ezagutzen nuen, baita Pello semea ere. Egia esan, Pelloren lanak gehiago jarraitu ditut Juanmirenak baino. Zendu zela jakin nuenean hiriko ikur bat joan zela sentitu nuen, erreferente bat izan zelako.
Sortzailearen begiradatik harago, pertsona gisa inguruari asko erreparatzen diozu?
Baietz esango nuke. Saiatzen naiz inguruan dudanari arreta jartzen. Gauzetan baino, pertsonengan jartzen dut begirada. Irekita zaudenean pertsonak ezagutzera edo gauzak gertatzera, normala da ingurukoa jasotzea.
Dokumentalgintza lantzen zabiltza buru-belarri. Halere, baduzu begi bat irekita gainerako generoei?
Bai, noski. Niri interesatzen zaidana ikastea da, prozesuetan ikastea eta gauza berriak ezagutzea. Beste aukerei ez diet aterik ixten. Gauza artistikoagoak egiteko prest nago.
Zinemaren genero guztiak gustuko dituzu, beraz?
Guztiak gustuko ditut, baina egia da nire burua dokumentaletatik gertu sentitzen dudala. Orokorrean gehien harritzen nauten lanek dokumentalen kutsua dute edo dokumentalak dira. Errealitatetik gehiago duten lanak gustatzen zaizkit. Halere, fikzioa ere gustuko dut.
Ildo horretatik, proiektu berriak dituzu esku artean?
Oraindik hastapen puntu batetan daude, baina, bai. Gidoi zirriborro bat aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzetara, eta publikoa da laguntza eman didatela. Hurrengo urtean zehar ideia hori garatzen hasiko naiz. Fikziozko lan luze bat da, hasiera batean. Bestalde, Lourdes hiriarekin loturiko film labur bat dut buruan. Izan ere, Lourdesen bada han gertatu diren sendaketak miraritzat katalogatzen dituzten medikuen nazioarteko komite bat. Horren inguruko lan bat egitea gustatuko litzaidake.
Garatuko duzun fikziozko lanerako pentsatu duzu Donostiara itzultzea, edo Bartzelonan geratuko zara?
Uste dut Bartzelonan bizitzen jarraituko dudala, baina maizago joan beharko dut Donostiara. Hain zuzen ere, filmaren abiapuntua da Donostiara itzultzen den neska baten istorioa. Idazteko ez da ezinbestekoa hirian bertan egotea, baina uste dut garrantzitsua izango dela bisita gehiago egitea.