Zientziak pantaila osoa hartuko du
Gaurtik aurrera, zientzia eta zinema uztartuko dituzte Belodromoan. DIPC-eko zientzialariek 'Tximinoen erresuma' filma aurkeztuko diete ikasleei.
Elkarlanean ariko dira Donostiako Zinemaldia, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia. Gaurtik aurrera, DIPC-eko zientzialariek aurkeztuko dute Belodromoan Gipuzkoako ikastetxeentzat programatuko den filma: Tximinoen erresuma. Filma testuinguruan kokatu eta zientziaren zein ekarpen zientifikoaren informazioa helaraziko diete ikasleei. Zinemaldiak eta DIPCek elkarrekin aukeratu dute filma, eta euskarara bikoiztuta proiektatuko da.
Kultura zientifikoa gizarteratzea du helburu Ibaetan dagoen DIPC zentroak. Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte publiko orokorrari zein hezkuntza alorrari zuzenduta. «Duela bi urte Filmategiarekin batera Zinema eta zientzia zikloa abian jarri genuen Tabakaleran. Zientziarekin loturiko filmen proiekzioak egiteaz gain, eta zientzialariak gonbidatzeaz gain, ikastetxeentzako ekitaldi berezi bat egin genuen. Harrera oso ona izan zuen», dio Amaia Agirrek, DIPC-eko komunikazio arduradunak.
Ikastetxeekin izandako esperientzia on horri esker, Zinemaldia zentroarekin jarri zen harremanetan jaialdian ere horrelako zerbait antolatzeko. «Belodromora joango gara belaunaldi berriei zientzia garrantzitsua dela erakustea. Oso polita da guretzat Zinemaldian parte hartzea. Belodromora joaten diren ikasleei oroimenean geratuko zaie zientziarekin harremana duen filme bat ikusi zutela», azpimarratu du Agirrek.
Gaur eta hilaren 23tik 27ra bitarte, biak barne, goizetan egingo dituzte emanaldiak. «Ikasleei ongietorria egin eta filma aurkeztuko diegu. Era berean, zientzia eta zinema uztartzearen garrantzia azalduko diegu», dio Aitzol Garzia zientzialariak. Beste lau kiderekin batera, bera arduratuko da filma ikasleei aurkezteaz.
Zientziaren hiria
Datuetan oinarrituta, Donostia zientziaren hiria dela nabarmendu du Garziak: «4.000 ikertzaile inguru gaude hemen. Ez dirudi asko, baina kontuan izan behar da Donostiak 200.000 biztanle inguru dituela. Gure kalkuluen arabera, Belodromoan 2.000 bat ikasle jasoko ditugu egunero, eta etorkizunean 40 bat ikertzaile izango dira».
Belodromoko aukera baliatuko dute ikus-entzule gazteei zientziarekiko interesa pizteko: «Zientzia ezagutzera ematea da gure konpromisoa».