40 urte Tomas Alba hil zutenetik
Tomas Alba (Donostia, 1937-1979) Donostiako Udalean HBko zinegotzia zela hil zuen Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak. 2014an bere izena jarri zion udalak Saguesko plazari, eta omenaldia egingo diote bihar, 12:00etan, 2005etik udaletxean duen plakan.
Astigarragarra izatez, Astigarraga Donostiatik desanexionatzea defendatuz sartu zen Tomas Alba Donostiako Udalean, 1979ko udal hauteskundeen ondoren, Herri Batasunako (HB) zinegotzi gisa. Udalean sartu eta bost hilabetera hil zuten, 1979ko irailaren 28an, ehiza eskopeta batekin tiro eginez. Astigarragako Kako sagardotegian afaldu ostean, bere autoa hartzera zihoala, bi pertsona hurbildu zitzaizkion eta hil egin zuten.
Hasiera batean, Grupos Armados Españoles (GAE) talde ultraeskuindarrak eta bere burua ETA militarreko bozeramaile gisa identifikatu zuen pertsona batek aldarrikatu zuten atentatua. Eragile batzuek zilegitasuna eman zioten erailketa ETAk egindakoa izateari, bi hilabete lehenago HBrekin desberdintasunak izan zituelako Albak, Donostia 1982ko munduko futbol txapelketako egoitzetako bat izateko aukeraren harira.
Bai HBk eta bai ETA militarrak, ordea, bertsio hori ukatu zuten, eta erailketa Espainiako Estatuko gerra zikinari egotzi zioten. Alba Batallon Vasco Españoleko (BVE) bi kidek hil zutela frogatu zen gerora: Ignacio Iturbide Pitik eta Ladislao Zabalak.
1981ean atxilotu zituzten, Xabier Ansa HBko militantea hil eta hurrengo egunean. 1985ean epaitu zituzten Espainiako Audientzia Nazionalean, eta ezker abertzalearen inguruko zazpi pertsonen erailketak onartu zituzten, tartean Albarena. 231 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei, baina hamar urte pasatxo baino ez zituzten bete. Iturbide 2013an hil zen Bilbon eta Zabala 2015ean Madrilen.