Bertsoa eta zientzia uztartuko ditu gaur P4K jaialdiak Victoria Eugenia antzokian
'Bertso Passion' izeneko ekitaldiak azken urteetan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzten lau zientzialari eta lau bertsolari igoko ditu oholtzara. Saioa zuzenean jarraitu ahal izango da 'streaming' bidez.
Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak. Donostia zientziaren hiriburu bilakatu duen Passion for knowledge P4K jaialdia bere hirugarren egunera heldu da, eta gaurkoan egitarauko ekitaldi berezienetako bat dakar. Hain zuzen, Victoria Eugenia antzokiak Bertso Passion saioa jasoko du gaur, 19:30etatik 20:30era bitarte, bertsoaren eta zientziaren munduko pisuzko pertsonekin.
Guztira, lau zientzialari eta lau bertsolari igoko dira oholtzara. Lehenengoen artean, azken urteetan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzten pertsonak daude: Harvard Unibertsitateko William Friedman (Botanikan aditua) eta Dudley Herschbach (Fisika eta kimikan aditua), CENIEH-ko Maria Martinon-Torres (Paleoantrologian aditua) eta Estrasburgoko Unibertsitateko Jean-Pierre Sauvage (Kimikan aditua). Bertsolariei dagokienez, berriz, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Iñaki Murua izango dira ekitaldian.
P4K jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, “Bertso Passion ekimenak zientzialarien aparteko begirada eta bertsolarien errima kantatuen edertasun eta asmamena uztartuko ditu, zentzuz eta sentikortasunez betetako bidaia bati ekiteko gure espeziearen sorreran, landareen eboluzioan eta kimikaren funtsean barrena”.
Saioa irekia eta doakoa izango da antzokiaren edukiera bete arte, eta berehalako itzulpen zerbitzua eskaini du, ekitaldia gaztelaniaz eta ingelesez jarraitu ahal izateko. Gainera, emanaldia zuzenean etxetik jarraitzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek, P4K-ren webguneak izango duen ‘streaming’ zerbituzari esker.

