"Ikerlari ezagunek parte hartuko dute"
Hiru urtetik behin antolatzen du 'Passion for Knowledge' jaialdia Donostia International Physics Center-ek. Hilaren 30etik urriaren 5era egingo dute, eta dena prest dutela dio Ricardo Diez Muiñok (Irun, 1968), DIPC-eko zuzendariak.
(Argazkia: Inaxio Esnaola) Duela urte batzuk hasi zineten Passion for Knowledge jaialdia antolatzen. Zuentzako garrantzitsua da?
Bai, noski. Dena dela, komeni da azaltzea DIPC ikerketa zentro bat dela. Fisika eta kimika ikerketak egiten ditugu, eta hori da gure oinarria. Gure zentroa ezagunagoa da antolatzen ditugun beste ekimenengatik, baina ez da ahaztu behar hemen egiten dugun lanak duen garrantzia. Hasieratik argi izan dugu ikerketari garrantzia ematearekin batera, kultura zientifikoa hedatu behar dugula. Uste dugu zientzia konpartitzeak gizartea informatuago, helduago eta libreago egiten duela.
DIPC barruan zientzia dibulgaziorako hainbat komunikazio bide ditugu, eta horien artetik garrantzitsuena da Passion for Knowledge jaialdia. Ikerketa zientifikoen berri eman, eta zientzia bera beste alor batzuekin uztartzeko jaialdia da, eta publiko berezitu zein orokorrari zuzendurikoa.
Zergatik antolatzen duzue hiru urtetik behin?
Sekulako esfortzua delako diru eta logistika aldetik. Ez da erraza ikerlari garrantzitsuak Donostiara ekartzea, Nobel saridunek agenda oso betea izaten dutelako. Merezi du azpimarratzea duen jaialdi izaera. Izan ere, Viktoria Eugenia antzokian antolatzen ditugun hitzaldiekin batera, beste hainbat jarduera ditu jaialdiak. Aurtengoa seigarrena da, eta Passion for Knowledge gisa egiten dugun laugarrena.
Nolakoa izan da jaialdiaren prestaketa?
Gure helburua izaten da maila handiko zientzia ikerlariak ekartzea da, baina era berean komunikatzaile onak direnak. Gaitegiari dagokionez, lehentasuna fisikari ematen diogu gure zentroaren oinarria delako, baina beste alor batzuk ere lantzen ditugu.
Datozen ikerlarietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Ikerlari ezagunek parte hartuko dute. Hamasei dira guztira, eta aukeratu beharko banu, ondorengoak aipatuko nituzke: Barry Barish fisikari estatubatuarra [2017ko Fisika Nobel saria], Serge Haroche fisikari frantziarra [2012ko Fisika Nobel saria], Jocelyn Bell astrofisikaria, Maria Martinon-Torres paleoantropologoa eta Jean-Pierre Sauvage kimikaria.
Viktoria Eugeniako hitzaldiez gain, zein beste jarduera iruditzen zaizkizu interesgarriak?
Bada bat bereziki. Ikerlariak harremanetan jartzen ditugu Batxilergoko ikasleekin. Euren arteko topaketak oso interesgarriak izaten dira, bai ikerlarientzat eta bai ikasleentzat. Ikerlariak pertsona normalak direla transmititzea dugu helburu, eta etorkizunean ikasle horiek ere ikerlari izan daitezkeela ikusarazi. Bestalde, Bertso Passion ikuskizuna azpimarratuko nuke. Lau zientzialarik eta lau bertsolarik parte hartuko dute. Zientzialari bakoitzak gai bat jarriko du eta bertsolariek horien inguruan kantatu beharko dute.
Donostia zientzia hiria dela diozue. Zergatik?
Hirian une honetan ikerketa zentro ugari daude, mundu mailan lanean ari direnak. Horietako bat da DIPC. Duela 20 urte soilik EHUren Kimika fakultatea zegoen, eta egun unibertsitatearen atal esanguratsuenetakoa da. Ikerketaren aldeko apustua egin dugu hemen, eta une honetan sektore indartsua dugu. Nolanahi ere, ikusgarritasun gehiago eman behar diogu duen garrantzia azpimarratzeko.
EGITARAUKO AIPAGARRIAK
- Hitzaldi nagusiak. Hainbat Nobel Saridunen eta mundu mailako adituen eskutik, hiritarrek aukera izango dute zientzia gaien berri izateko. Viktoria Eugenia antzokian izango dira, egunero.
- Bertso Passion. Zientzialarien aparteko begirada eta bertsolarien errima kantatuen edertasuna uztartzen dituen ikuskizuna. Viktoria Eugenia antzokian izango da, urriaren 2an (19:30-20:30).
- Creativium erakusketa. Argazki erakusketak sormen prozesuaren etapa desberdinak islatzen ditu, zientzialarien eguneroko jardunaren argazki artistikoen bidez. Urriaren 5era bitarte bisitatu daiteke EHUko Carlos Santamaria zentroan.
- Topaketak. Nobel saridun zein puntako ikertzaileen, eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen arteko topaketak.

