PSE-EEren udal taldeak udal batzar aretoa utzi du Elkarrekin Donostiaren adierazpen batzuengatik
Haizea Garai bozeramaileak iradoki du asfaltatze lanen kontratuak "lagunak diren enpresei" adjudikatzen dizkiola udal gobernuak.
Bi bider eten behar izan du urriko udalbatzarra Eneko Goia alkate eta udalbatzako presidenteak. PSE-EEko udal taldeko ordezkariek udal batzar aretoa utzi dute Haizea Garai Elkarrekin Donostiako bozeramaileak egindako adierazpen batzuengatik. Esandakoa erretiratu ezean aretoa utziko zutela esan du Ernesto Gascok, eta Garaik esanak berretsi ondoren, sozialistak joan egin dira.
El grupo socialista abandona definitivamente el Pleno al no retirar Podemos su inaceptable acusación de beneficiar a empresas amigas #PlenoSS pic.twitter.com/8ahOhNzSEj
— SocialistasDonostia (@SocialistasDono) October 24, 2019
Polemika kontrol mozioen hamabosgarren puntuak piztu du. Elkarrekin Donostiak galtzaden eta bide publikoen mantentze faltari buruzko mozioa aurkeztu du, eta Garaik iradoki du asfaltatze lanen kontratuak “lagunak diren enpresei” adjudikatzen dizkiola udal gobernuak. Sozialistak irainduak sentitu dira adierazpen horrekin. “Esaten ari zarena delitua da, eta onartezina iruditzen zaigu hori leporatzea. Zure hitzak erretiratzeko eskatzen dugu. Erretiratzen ez badituzu udal batzar aretoa utziko dugu”, adierazi du Gascok. “Politika egitera etorri gara”, erantzun dio Garaik. Orduan, zinegotzi sozialistak lekuetatik altxa eta aretotik atera dira.
Udalbatzarrak aurrera jarraitu du hamar minutuko etenaren ondoren. Goizeko saioa hasi aurretik ere, Goiak udalbatzarra eten du EH Bilduren udal taldeak estela bat jarri duelako aretoko euren mahaian.