Parte Zaharreko ostalaritzaren azterketa bat egiteko eskatu dio udalari EH Bilduk
Donostiako Udalak Parte Zaharreko ostalaritzaren “balizko jabego metaketari eta haren ondorioei buruzko” azterketa bat egitea proposatu du EH Bilduk. Markel Ormazabal zinegotziak eman ditu xehetasunak udaletxeko prentsa aretoan. Datorren asteleheneko batzordera eramango dute eskaera.
“Parte Zaharreko tabernak gero eta jabe gutxiagoren esku daude”, azpimarratu du Ormazabalek. Errealitate hori askok ikusten dutela gaineratu du. “Metaketa prozesu baten aurrean gaude, non talde handiak tabernak, lokalak, eta areago, eraikin osoak erosten ari dira”. Balizko fenomeno honen errealitatea ezagutzeko beharra dagoela esan du, eta udalak zein gainerako erakundeek balizko esku-hartzeak aztertu behar dituztela.
Ostalaritza talde handien inguruko eredu bat jarri du Ormazabalek: “Berriki jakin dugu talde handi horietako batek Parte Zaharreko etxebizitza eraikinik zaharrena erosi duela, Abuztuaren 31 kalean; hor dago La Cueva taberna. Pentsatzekoa da lokal honek taberna moduan beste eskaintza batekin jarraituko duela, baina ez dakigu eraikinaren gainerako espazioekin zer egiteko asmoa duten”. Gaineratu du ez dela “inongo sekretua” talde horiek “lotura estua” dutela turismoarein eta “zenbait ostatu edo ostatu proiekturekin”.
Lokalen jabeakoaren metaketak “ondorio larriak” izan ditzakeela esan du EH Bilduko zinegotziak. “Batetik, azkenaldian denon ahotan izandako pintxoen prezioen gerra. Gure ustez, praktika txar honek lotura du aipaturiko prozesuarekin. Nortasun eta kalitate galera ere badago”. Beste eredu bat jarri du hori azaltzeko: “Iaz Sud Ouest egunkariak kritiko gastronomiko baten artikulua argitaratu zuen, eta aipatzen zuen tabernak talde handien esku geratzen ari zirela, eta horren ondorioz, kalitatea okerragoa zela”.
Ondorioak “larriagoak” izan daitezkeela adierazi du Ormazabalek. “Lokalen alokairuak izugarri garestitzen ari dira, eta soilik inbertsio talde handiek egin diezaiekete aurre, bertako ekintzaileak edo enpresa-sortzaileak bazterrean utzita”. Horrekin batera, esan du bizilagunen eta ostalarien arteko harremana “puskatuta” dagoela.