Eraikin historikoak ez eraisteko udalaren luzamendua eten du epaitegi batek
Gertatu dena argitze aldera, Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordearen ezohiko bilera eskatuko du EH Bilduk.
Hiriko 200 eraikin historiko baino gehiago babesteko, Donostiako Udal Gobernuak eraisketa-lizentzien luzamendua onartu zuen duela urtebete inguru. Pasa den astean, ordea, Donostiako epaitegi batek bertan behera utzi zuen, luzamendua “behar bezala ez iragartzeagatik”. Udalak errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du.
Berme 2007 enpresak helegitea aurkeztu zuen luzamenduaren kontra, Ondarretako txalet baten jabeak izanik ezin izan zutelako eraitsi. Epaiak arrazoia eman dio enpresari, eta era berean babesik gabeko eraikin historikoak, berriz ere, arriskuan jarri ditu. Epaitegiak ebatzi du udalak ez zuela informazio bera komunikatu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta bi egunkaritan.
EH Bilduren udal taldeak agerraldia egin du gaur azalpenak eskatzeko. “Udal gobernuak ez ditu bere legezko betebeharrak bete”, adierazi du Ricardo Burutaran zinegotziak. “Errekurtsoa jarriko dutela esan dute, baina herritarrei oraindik ez diete azaldu egindako akats larriak dituen ondorio legal, ekonomiko eta politikoak”.
Hiriko Ondare Babesteko Plan Berezia (HOBPB) berrikusten ari da udala, eta aipaturiko eraikinei ezarritako luzamendua da epaitegiak eten duena. “Plan honen berrikuspenaren atzerapena da honen guztiaren sorburua”, azpimarratu du Burutaranek. Gertatu dena argitze aldera, Lurralde Garapen eta Planifikazio Batzordearen ezohiko bilera eskatuko du EH Bilduk.