Plan Orokorrarekin talka egin du pisu turistikoen legeak
Donostiako Udal Gobernuak Plan Orokorra egokituko du etxebizitza turistikoen araudiarekin bat egin dezan. EH Bilduk, berriz, epaia aintzat hartzeko eskatu du.
Turista batzuk Parte Zaharreko Kale Nagusian. (Argazkia: Iñaki Agirre) Pisu Turistikoen Ordenantza eta Donostiako Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorra ez dira bateragarriak. Hori ebatzi du Donostiako epaitegi batek. «Ordenantzaren artikulu nagusia zuzenbide osoz baliogabea da. Plan Orokorrak dio ezin direla pisu turistikoak kokatu lehen solairutik gora, edo jendea bizi den beste etxebizitza baten gainean», azpimarratu du EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek. Udal gobernuari eskatu diote epaia aintzat hartzeko, eta Plan Orokorrak ezartzen duen araudia aplikatzeko Pisu Turistikoen Ordenantzari; eta ez alderantziz. Izan ere, EAJren eta PSE-EEren gobernuak iragarri du Plan Orokorra aldatzeko prozedura abiatu dutela, lehen solairuko legea ezabatzeko.
EH Bilduk hasieratik esan zuen ordenantzak lehen pisuko legea errespetatu behar zuela Plan Orokorrarekin talkarik ez egiteko. «Udal gobernuak erantzun zigun hori ez zela egia, eta azken hilabeteetan harrokeria puntu batekin aritu dira esaten estatuko ordenantzarik onena dugula. Denbora kontua zen epaitegi batek halako epaia ematea», adierazi du Burutaranek. Sententzia jakin orduko, udal gobernua bi araudien arteko «kontraesana» konpontzeko lanean hasi zen. Horrela, lehen solairuko legea aldatuko dute eraikin batean pisu turistiko bat baino gehiago baimentzeko. Alegia, Parte Zaharrean izan ezik –eremu ase izendatu zutelako–, gainerako auzoetako eraikinetan pisu turistiko bat baino gehiago baimenduko dute.
Zubieta kaleko kasua
Epaitegiak arrazoia eman dio Siempre Free S.L. enpresari. Zubieta kaleko pisu turistiko baten jabeak dira, eta itxi egin zieten ordenantza indarrean sartu zenean. Helegitea jarri zioten erabakiari, eta ebazpena euren aldekoa izan da. Gainera, udalak epaiketaren gastuak ordaindu beharko ditu. «Ez da sententzia bakarra, bi dira dagoeneko eta gehiago iritsiko dira. Bi pisu turistikoen egoera juridikoari buruzko epaiak dira atera direnak, eta bietan ordenantzaren muina kolokan jartzen dute», dio Burutaranek.
Hemendik aurrera gertatu daitekeenaren inguruan, EH Bilduko zinegotziak hainbat hipotesi ditu: «Gobernuak gauzak ondo egiten ez baditu, bi gauza gerta daitezke. Batetik, bizilagun komunitate batek Plan Orokorraren baldintzak betetzen ez dituen pisuren bat salatzea, eta epaitegiak arrazoia ematea. Bestetik, pisu turistiko baten jabeak udalaren kontra jotzea, eta kalte-ordainak eskatzea berak ordenantza berria betetzen zuela argudiatuta. Udalak galduko luke epaiketa, eta donostiarrok ordainduko genuke».
Udal gobernuak EH Bilduri arrazoia eman diola uste du Burutaranek. «Eneko Goiak onartu behar izan du, aho txikiarekin bada ere. Bigarren epaia iritsi zenean konturatu ziren egoera benetan larria dela, eta orain badirudi plan bat dutela normaltasun juridikora itzultzeko. Ordea, begibistakoa da inprobisatzen ari direla, eta hutsune juridikoa sakontzen ari dira».


