Dantzan eta kantuan aritu dira Txofre plazan
Groseko Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu du, eta plaza bete da. Haur, gazte eta familientzako hainbat jarduera egin dituzte goizeko 11:00etatik aurrera, eta bereziki, haur eta gaztetxoentzako dantza festa izan da arrakastatsuena. Gurasoak begira, eta haurrak dantzan aritu dira Jon Urbieta musika jartzaile, dantzari eta saltseroarekin.
Ondoren, kantaldia eskaini dute Revuelta anaiek, Jesus Etxebestek eta Aizpuruak. Bazkalordua iritsi ahala gustura egon dira entzuten plazan zeuden gazte zein helduak. Beñat Revueltak Mikel Laboa omendu du gitarrarekin eta kantuan.
Eguraldiak egitaraua aldatzera behartu arren, giro onari eutsi diote Grosen, San Tomas egunean jende gehien batzen duen hiriko bigarren auzoan.