Auzoa apaindu eta koloreztatu dute
Loiola Apain kaleko arte topaketa iazko udaberrian hasi, eta neguan bukatu da. Kultur etxeak sustatu du egitasmoa, eta zazpi horma irudi berri ikus daitezke auzoko hainbat txokotan. Bisita gidatuekin hasi dira.
Ez dira lehendabizikoak, eta ez dira azkenak izango. Loiola da hirian horma irudi gehien dituen auzoa. Iazko udaberrian abiaturiko Loiola Apain kaleko arte topaketari esker, zazpi horma irudi gehiago ditu auzoak. Aurretik, beste hiru zeuden, eta duela gutxi beste bat ere margotu dute frontoiaren atzean.
Iazko Olatu Talka jaialdiaren barruan sortu zen egitasmoa, eta Loiolako kultur etxeak aurrera eraman du. Artearen bidez auzoa apaintzea eta koloreztatzea du helburu. Hiriarekin harremana duten artistek parte hartu dute Loiola Apain arte topaketan. Batzuk donostiarrak dira, eta beste batzuk nazioartekoak.
Alde batetik, «adopzioz loiolatarrak» diren hiru artistekin lan egin dute: Marcos Navarro kataluniarra, Stephen Webb ingelesa eta Allan Daastrup danimarkarra. Hiruek estudioa dute Loiolan, eta auzoarekiko duten ikuspegia islatu dute beraien horma irudietan.
Bestetik, Donostiatik kanpo egon arren, hiriarekin harreman estua duten bi estudio mistok parte hartu dute egitasmoan: Bartzelonako Reskate estudioko Maria Lopez donostiarrak eta Javier de Riba kataluniarrak, eta Bilboko Gora estudioko Iciar Nieto donostiarrak eta Miguel Atutxa bilbotarrak. Azkenik, nazioartean ezaguna den Frantziako NKDM estudioak ere horma irudi bat margotu du.
Pausoz pauso
Olatu Talka jaialdiarekin batera egin ziren lehen bi lanak. Udaberrirako ikusgai zeuden Navarroren eta De Rivaren esku-hartze artistikoak, hurrenez hurren Plazaburu kalean eta Igeltegi pasabidean. Programak irailean izan zuen jarraipena. Latsarien plazan NKDM estudioak horma irudia margotu zuen, eta gauza bera egin zuen Webb artistak Igeltegi pasabidean. Urrian bukatu zuen Gora estudioak kultur etxeko artelana, eta azaroan Reskate estudioak Lorategi hirian margotu zuen euskarazko esaldi bat jasotzen duen horma irudia. Azkenik, Daastrup bere lana fintzen eta bukatzen ari da une honetan Urbia kalean.
Harrera polita izan dute horma irudiek auzotarren artean, eta kultur etxea hasi da bisita gidatuak egiten. Izena emateko telefonoa ondorengoa da: 943 45 46 05.