Etxebizitza turistikoak Plan Orokorraren bidez arautzeko eskatu du EH Bilduk
Ordenantza "kaxoi batean sartu" eta abiapuntura itzultzeko eskatu du udal taldeak. Horretarako, ponentzia bat eratzea eskatuko dute.

EAEko Auzitegi Nagusiak Pisu Turistikoen Ordenantza baliogabetu du. Horren harira, EH Bilduk adierazi du hasierako puntura itzultzeko garaia dela. “Plan Orokorraren segurtasun juridikora itzultzeko garaia da. Edo modu kolokialean esanda: lehen solairuko araura itzultzeko garaia da”, azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Ordenantza “kaxoi batean sartu” eta abiapuntura itzultzeko eskatu du udal taldeak. Horretarako, ponentzia bat eratzea eskatuko dute, “pisu turistikoen booma iritsi zirenetik Donostian sortu den egoera aztertzeko, eta ze egoera juridikoan gauden ere sakon aztertzeko”. Azken helburua, pisu turistikoak behar bezala arautzea izango litzatekeela adierazi du Burutaranek. “Ponentzia eratzearekin batera, pisu turistiko berrietarako baimen gehiago ez emateko erabakia hartu beharko litzateke”.
Lehen solairuko legea
90eko hamarkadatik Donostiako Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko legedi bat duela gogorarazi du EH Bilduk; lehen solairuko legea. “Benetan eredugarria zen, baina pisu turistikoen eztanda Donostiara iritsi zenean, 2015an eta 2016an, ez zen behar bezala aplikatzen. Orduan, Plan Orokorra betearazteko neurri berriak hartu beharrean, pisu turistikoak arautzeko ordenantza berria aurkeztu zuen Goiak”, azaldu du Burutaranek.
Ordenantza onartzeko udalbatzarrean EH Bilduk adierazi zuen ibilbide laburra izango zuela, “eragingo dituen prozesu juridiko ugariengatik”. Udal taldeak azpimarratu zuen, ordenantza batekin ezin direla hirigintza erabilerak arautu, eta ezin duela Plan Orokorraren kontra joan. “Orain, ordenantzaren aurkako epaiak iristen hasi dira, batzuk Plan Orokorra ez betetzeagatik, eta azkena, hirigintzaren legezkotasuna ez betetzeagatik. Paradoxikoki, denbora honetan guztian, udalari arrazoia ematen dioten dozenaka epai ere iristen joan dira, hori bai, solik Plan Orokorra betetzen duenean”.
Horrekin batera, Burutaranek nabarmendu du azken bi urteetan gutxi batzuek diru asko irabazi dutela “legez kanpokoak” izan beharko liratekeen etxebizitza turistikoekin. “Bitartean, Donostian alokairuaren prezioa etengabe igo da. Bitartean, donostiar askok kanpora joan behar izan dute bizitzera eta, bitartean, bizilagunen komunitate askotan arazo larriak izan dituzte pisu turistiko berrien kontura”.