Igarotako bidearen kronologia bat

Lehertu da festa Donostian!

Euriak tregoa eman du eta herritarrek ez dute hutsik egin. Lepo bete da Konstituzio plaza San Sebastian egunari ongietorria egiteko. Bandera igoeraren une hoberenak iruditan bildu ditugu.

Ainhoa Olasagasti Urketari Nagusia eta Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusia, Konstituzio plazan. (Argazkia: Jon Xabier Zabala) Ainhoa Olasagasti Urketari Nagusia eta Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusia, Konstituzio plazan. (Argazkia: Jon Xabier Zabala)

Donostiako bandera haizearen eraginez mugitzen da dagoeneko Konstituzio plazako udal liburutegiko mastan. Herritarrak pozez gainezka egin diote ongietorria San Sebastian egunari, eta donostiarrek 24 ordu dituzte aurretik jaiaz gozatzeko. Eneko Goia alkateak igo du bandera, eta lehertu da festa.

Konstituzio plaza izan ohi da festaren hasieraren erdigunea, eta, aurten, berritasun bat izan da oholtzaren gainean: Ainhoa Olasagasti Urketari Nagusiarekin eta Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiarekin batera, Union Artesanako Aitor Oiarzabalek zuzendu du Donostiako martxa. Hain zuzen, 150 urte bete ditu aurten, eta hori izan da elkarteari egindako urteko lehen omenaldia. Jose Mari Oiartzabal musika zuzendariak ere jaso du bere omenaldia, eta une batean Danbor eta Urketari Nagusiarekin batera lehen ilaran izan da; Olasagastik zapi urdin bat jarri dio omenaldi gisa.

San Sebastian martxaren ondoren ohiko errepertorioa jo dute oholtza gainekoek, eta hainbat abesti dantzatu dituzte Kresalako dantzariek. Euriak tregoa eman die donostiarrei, eta erantzuna bikaina izan da: lepo bete da Konstituzio plaza. Liburutegiko balkoietan ere jende ugari bildu da, besteak beste, udal taldeetako ordezkariak, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso duten elkarte eta pertsonak, eta zozketa bidez aukeratutako herritarrak. Oholtza gainean, aldiz, hunkituta jo dituzte Sarriegiren doinuak Realeko hockey eta futboleko lau jokalarik: Iraia Iparragirrek, Sara Olaizolak, Nereba Belzunegik eta Maider Altunak.

Musika, dantza eta aldarte ona nabarmenak izan dira plazan, eta aldarrikapen sozialek ere izan dute lekua, eta, besteak beste, euskal presoen etxeratzearen aldeko pankarta eta banderak, urtarrilaren 30eko greba orokorra pilota erraldoiak, zein Hotel + ez plataformako banderak erakutsi dituzte herritarrek. 

Jon Xabier Zabala argazkilariak bandera igoeraren irudi bilduma osatu du.

HITZAkide HITZAkide