9.398 pertsonak izena eman dute udal alokairuko etxebizitzen baremazio kanpainan
Txomiñeneko udal alokairuko eta babes ofizialeko 162 etxebizitza adjudikatuko ditu Donostiako Udalak. Horretarako, baremazio kanpaina bat abiatu zuen Donostiako Etxegintzak, iazko abendua hasieran. Gaur, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak kanpainaren datuak eman ditu. 9.398 donostiarrek eman dute izena alokairuko etxebizitzen baremazio sistemaren adjudikazioan parte hartzeko.
“Kanpainak departamentuak zituen helburuak bete ditu”, azaldu du Arzallusek. Donostia aitzindaria izan zen duela 16 urte Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistroa abian jarri zuenean. Urte hauetan guztietan 30.000 pertsonak eman dute izena. Kanpaina berriaren bidez jarraipena eman nahi izan diote, eta ezarritako xede nagusietako bat bete du: “Eskatzaileen datuak eguneratzea, baremazioa egin ahal izateko datu gehigarriak lortzea, eta etxebizitzen eskatzaileen karakterizazioari buruzko datu zehatzagoak biltzea”.
2076 alokairuko etxebizitza
Donostiako Etxegintzak 2076 alokairuko etxebizitza eta gazte zein adineko pertsonentzako bizitokiak ditu. Jasotako eskaeren artean, Arzallusek azpimarratu du %54,82 emakumeak direla eta %45,18 gizonezkoak. “%45 talde orokorrekoak dira, %22,85 emantzipazioaren taldekoak, %9,56 guraso bakarren taldekoak, eta %8,69 pentsiodunen taldekoak”, gaineratu du.
Izena eman duten pertsona gehienek, pertsona batentzako edo bi pertsonentzako etxebizitza eskatu dute. %51,7k pertsona batentzako etxebizitza eskatu du, eta %27,2k bi pertsonentzako etxebizitza. “Adinari begiratuta, eskatzaileen %46,12 18 eta 35 adin tartean daude. Jarraian 36 eta 50 urte bitarteko pertsonak daude (%34,11). Eta eskatzaileen %19,77k 51 urte baino gehiago dituzte. Adin tarte guztietako eskatzaile gehienek pertsona batentzako etxebizitza eskatu dute, bereziki gazteenek eta helduenek”, azaldu du Arzallusek. Bestalde, Etxegintzak etxebizitza partekatzeko aukera eskaini du. “Izena eman duten 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen %8,94 prest dago etxebizitza partekatzeko”.
Adjudikazioa
Egun hauetan datuak prozesatzen ari direla esan du Arzallusek, eta datu horiek Ogasunarekin bateratu ostean prozesuaren behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Beraz, izena eman duten herritarrek itxoin beharko dute. Adjudikatuko diren Txomiñeneko etxebizitzak bukatuta daude, eta azkeneko ikuskapenen zain daude hainbat zerbitzu abian jartzeko.