Neon argiak gau amaigabe batean
‘The Wild Goose Lake’
Zuzendaria: Diao Yinan
Urtea: 2019
Herrialdea: Txina
Diao Yinan zuzendari txinatarrak zinema beltzean, hain gustukoa duen genero horretan, sakontzen jarraitu du bere laugarren filmarekin, The Wild Goose Lake obrarekin. Orain arte jorraturiko proiektuetan egin bezala, oraingoan ere, argazki ezin hobea, erailketa eta mendekuen inguruko trama bizkor bat, indarkeria momentu anitz, eta Txinako erretratu soziala eskainiko dizkigu. Tabakalerako Zabaltegi-Tabakalera PLUS fokuan bere atzerabegirakoa ikusi duzuenontzat, –Uniform (2003), Night Train (2007), Black Coal, thin ice (2014)-, azken film honek ez dio ikusleari arnasa hartzen utziko, bai gertaeren erritmo bizkorrarengatik bai eta plano estetika ikaragarriengatik ere. Besterik ez, sar gaitezen Diao Yinanen unibertsoan, neon argiek argiztatzen duten gau amaigabe honetan.
Zhou Zenong (protagonista) motorrak lapurtzen ibiltzen den famili-mafia baten kide da. Gau batean, bi banden artean herriko kaleen agintea banatzen ari direla, kide batek pazientzia galdu eta tiro egingo du familien arteko borroka eraginez. Gatazka horri amaiera jartzearren, scooter lehiaketa batean murgilduko dira, baina beste familiak mendeku hartuko du. Zhou hilketa honen lekuko izango da, eta ihesean, euria gogotik ari duela, polizia bat hilko du.
Horrela, Zhou zonaldeko pertsona bilatuena bihurtuko da; aurkako mafia atzetik joango zaio isilarazi nahian, poliziak laku inguruan zabalduko dira bere bila, eta gainera, 300.000 yen eskainiko dituzte bere buruaren truke. Ezkutatu nahian, Liu Aiaik –laku ertzean lan egiten duen prostituta batek- aurkituko du, eta laguntza eskainiko dio. Baina, ihes egiteko aukera izango ote du? Konfiantza izango ote du Liurengan? Eta, prest egongo ote da Zhou atzean utzi duen familiaren izenean amore emateko?
Filma ikusi ondoren, ulergarria da kritikak Diao Yinan «gauaren poeta» izendatu izana, oso trebea baita iluntasuna filmatzen. Gauak tresna ugari eskaintzen dizkio bai bisualki, bai narratiboki, eta berak etekin handia aterako du une oro. Alde batetik, iluntasuna oso misteriotsua da, eta erabat aproposa ezkutuan egoteko edo delitu egiteko. Eta bestetik, iluntasunean argi izpi batek indar handia lor dezake plano ikaragarriak eskainiz: animalien begiradak zooan, scooterren argiak euripean, aterki baten atzean sumatzen den itzala eta neon argiak une oro, errealitate gordina amets bat bilakatuz.
Thriller kriminal hau Txinako Wuhan hiriko laku baten inguruan kokatuko da, non gizartearen ustelkeriak naturaren edertasuna guztiz zapaldu duen dagoeneko. Yinanek ikusleak hango tailer, denda eta taberna klandestinoetatik eramango ditu iheslariaren atzetik, Txinako zona industrial askoren egoera gogorra mahai-gaineratuz. Eta bertako soinuak dira filmaren soinu banda: motorren soinuan eta pertsonaien mugimenduetan aurkituko du erritmoa.
Diao Yinanek Rotterdamgo zinema-jaialdian egin zuen debuta Uniform filmarekin eta Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zuen bere bigarren filma, Night Train. 2014. urtean oihartzun ikaragarria izan zuen prentsan, film onenaren Urrezko Hartza eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eraman baitzituen Berlinalen Black Coal, thin ice filmarekin. Eta The Wild Goose Lake, Cannesko zinemaldiko Sail Ofizialean eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu ondoren, ikusgai dago egun zinema gutxi batzuetan. Zortea bai ikusi dezaketenena, thriller zalea bazara oso gozagarria baita Diao Yinanen, «Tarantino txinatarraren», azken lan hau.