9.398 pertsonak eman dute izena etxebizitzen baremazio kanpainan
Txomiñeneko alokairuko 162 etxebizitza adjudikatuko ditu Donostiako Udalak. Martxoan argitaratuko dituzte izena eman duten pertsonen behin-betiko zerrendak.

Donostiako Etxegintzak baremazio sistemaren lehen kanpaina abiatu zuen, iazko abendua hasieran. Hain zuzen ere, hemendik aurrera babes ofizialeko etxeak eta udal alokairuko etxebizitzak baremazio sistema bidez adjudikatuko dira. Estreinako kanpainan 9.398 donostiarrek eman dute izena. Aldiz, udalak sistema berriarekin adjudikatuko dituen lehen etxebizitzak Txomiñenekoak izango dira; zehazki, 162. «Kanpainak sailak zituen helburuak bete ditu», adierazi du Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek.
Une honetan, jasotako datuak prozesatzen ari dira, eta hurrengo asteetan behin behineko zerrendak argitaratu, eta helegiteak aurkezteko epea irekiko da. Behin helegiteak ebatzita, behin betiko zerrendak argitaratuko ditu Etxegintzak. Etxegintzaren aurreikuspena da martxorako prozesua bukatzea, eta etxebizitza horiek adjudikatzea.
Duela 16 urte Donostia aitzindaria izan zen Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistroa abian jarri zuenean, eta urte hauetan guztietan 30.000 pertsona inguruk eman dute izena. Kanpaina berriaren bidez jarraipena eman nahi izan diote, eta ezarritako xede nagusietako bat betetzea lortu dutela uste du Arzallusek: «Eskatzaileen datuak eguneratzea, baremazioa egin ahal izateko datu gehigarriak lortzea, eta etxebizitzen eskatzaileen karakterizazioari buruzko datu zehatzagoak biltzea».
Sistema aldaketa
Etxebizitzari buruzko EAEko 3/2015 legeak dio, adjudikazioak baremazio sistema baten bidez egin behar direla, pertsona bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta. Besteak beste, diru-sarrerak, bizikidetzarako unitatearen kopurua eta antzinatasuna. «Lehen zozketa bidez adjudikatzen ziren etxebizitzak, eta ez zen bidezkoa. Baremazioa, aldiz, justuagoa da. Izan ere, behar gehienak dituzten eskaerak kontuan hartzen direlako», azaldu du Arzallusek.
Sistema aldatu arren, eskaintza eta eskariaren arteko aldea nabarmena da. Ia 10.000 pertsonak eman dute izena baremazio kanpainan, baina eskura dauden etxebizitza publikoak askoz gutxiago dira. «Donostiako Udala beti izan da erreferente babestutako etxebizitzen inbertsioan eta garapenean, eta beste hiri askok dutena baino etxebizitza kopuru handiagoa du. Birgaitze jasangarri eta alokairuko etxebizitzetan inbertsio publikoa egiteko politikak garatzea da bidea», azpimarratu du Arzallusek.
2.076 etxebizitza
Donostiako Etxegintzak 2.076 alokairuko etxebizitza eta gazte zein adineko pertsonentzako bizitokiak ditu. Jasotako eskaeren artean, %54,82 emakumeak dira eta %45,18 gizonezkoak. %45 talde orokorrekoak dira, %22,85 emantzipazioaren taldekoak, %9,56 guraso bakarren taldekoak, eta %8,69 pentsiodunen taldekoak. Gainerako talde bakoitzak –familia ugaria, desgaitasun intelektuala, genero indarkeria eta mugikortasun urriko pertsonak– %4 baino gutxiagoko eskaerak jaso ditu.
Izena eman duten pertsona gehienek, pertsona batentzako edo bi pertsonentzako etxebizitza eskatu dute. %51,7k pertsona batentzako etxebizitza eskatu du, eta %27,2k bi pertsonentzako etxebizitza. Adinari begiratuta, 18 eta 35 adin tartean daude eskatzaileen %46,12. Jarraian 36 eta 50 urte bitarteko pertsonak daude –%34,11–, eta 51 urte baino gehiagokoak dira eskatzaileen %19,77. Bestalde, Etxegintzak etxebizitza partekatzeko aukera eskaini du. Izena eman duten 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen %8,94 prest dago etxebizitza partekatzeko.
Zerrendak osatzean, esan bezala, Txomiñeneko 162 etxebizitzak izango dira adjudikatuko diren lehendabizikoak. Aurrera begira, berriz, bukatuko diren promozioetan aplikatuko da baremazio sistema. Bi hilabete barru Intxaurrondoko adinekoentzako 55 etxebizitza banatuko dira, eta urtearen bukaeran Jolastokietako 37 etxebizitza.