Momok hartuko du hiriaren eta auzoen agintea datozen orduetan
Inauterietako konpartsek urte osoa ematen dute euren jantzi, dantza eta karrozak prestatzen, eta azkenean, heldu da horiek kalera ateratzeko unea. Asteburuan kolorez eta distiraz beteko dituzte hiriko auzo eta kaleak.
Tregoarik ez dago parranda zaleentzat. Urte hasiera ospakizunez beterik etorri ohi da gure hirian, eta orain, inauterien txanda heldu da. Donostia Momo jainkoaren lurraldea bilakatuko da asteburu honetan, eta hiriko kaleak kolorez eta alaitasunez beteko dira.
Hain zuzen, atzo, ostegun gizenean, egin zioten donostiarrek ongi etorria Momori Okendo, plazan, eta larunbatean, hilaren 22an, Eneko Goia alkateak boterea pasako dio jainkoari, horrela, bere eskuetan egongo da hiria inauteriek irauten duten bitartean. Atzo ere, Parte Zaharreko kaleak hartu zituen Eskola, Trebeska eta Goizaldi dantza taldeek ostatutako euskal inauteriak. Larunbatean, Gero Axular dantza taldeko Intxixuek euskal inauteria ospatuko dute: 12:30ean hasiko dute desfilea Gipuzkoa plazan, eta 13:00etan Herridantza konpartsarekin batera dantza egingo dute Konstituzio plazan.
Antiguan, Antiguotarrak dantza taldeko inude eta artzainek ohiko festa egingo dute auzoan. Merkatu Zaharretik abiatuko dira 11:45ean, eta 14:30ean amaituko dute; honakoa izango da ibilbidea: Antiguako Merkatu Zaharra, Alfontso XIII.aren plaza, Matia kalea, Txalupigillene plaza, Matia kalea, Guridi Musikagilearen kalea, Juan Garai kalea, Matia kalea, Gaskonia plaza, Erregezaintza kalea, Arantzazuko Ama auzunea, eta Mikel Laboa plazako frontoia.
Urtero bezala, inauterietako konpartsek koreografiak, jantziak eta karrozak prestatu dituzte, eta atzo aurkeztu zituzten jendaurrean Illunben. Aurten, 21 taldek beteko dute hiria dantzaz eta kolore ikusgarriz, eta ohiko desfileak egingo dituzte larunbatean eta igandean, 17:01ean. Gaur, ostiral mehean, konpartsen aurkezpena egingo dute Urdaneta kalean, 18:31ean, eta, gainera, Los Bebes de la Bulla konpartsa eta Union Artesanaren Lanpernen konpartsa ere ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan.
Astelehena izango da egun tristeena: sardinaren ehorzketa egingo dute, eta orduan amaituko dira inauteriak. 19:30ean hasiko dute kalejira Bilbo plazan, eta sardinarekin batera joango dira deabruak, apaizak, mojak, alargunak, eta abar. 20:00etan erreko dute sardina.
Auzoen distira
Inauterien distira eta giro ona auzoetara zabalduko da ere: auzo elkarteek eta auzoetako eragileek jarduera ugari antolatu dituzte astebururako. Egian, esaterako, larunbatean egingo dute festa: Aitor ikastolako eta Denok Taldearen konpartsek desfilea egingo dute auzoko kaleetan, 11:00etan. Aldi berean, auzotarrak marrazki bizidunen gaiaz mozorrotuko dira, eta 13:00etan pintxo-potea eta mozorroen aurkezpena egingo dituzte Plaza Haundin.
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak hainbat jarduera iragarri ditu larunbaterako: 12:00etatik aurrera, Matia kaletik hasita eta auzoan zehar txaranga arituko da poteoa girotuz. Mozorrotzeko deia egin dute, eta aurtengo gaia The Blues Brothers talde eta filmean oinarrituko da. 18:00etan adin guztietarako mozorro festa ospatuko dute gaztetxean bertan. Amara Berrin, aldiz, Erdi Arora egingo dute salto, eta auzo elkarteak gaurko eta biharko antolatu ditu jarduerak.
Grosen, 13:30ean bazkaria egingo dute Pandora tabernan, eta ondoren, 17:00etan, Nafarroa Behera plazatik hasita buruhandi eta erraldoiak izango dira. 18:30ean txokolate jana egingo dute Artetxe Jeneralaren kalean, eta DJ Jo ta txo arituko da kalea girotzen.