Langileen osasunaren aldeko Haserre Eguna antolatu dute biharko hainbat sindikatuk
Martxoaren 27a Haserre Eguna izendatu dute LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek. Osasuna, lan baldintzak, enplegua, lehenik lelopean, langileak euren haserrea azaltzera deitu dituzte. Hain zuzen, lan zentroetan mobilizazioak deitu dituzte, eta etxetik ere haserrea adierazteko eskatu dute, lantokietako borrokekin bat egiteko: “Etxeko balkoira edo leihora irten, 12:00etan, burrunba egitera”, esan dute.
Sindikatuek langileen osasuna “arriskuan” jartzen ari direla salatu dute, eta baieztatu dute “langile klasea babesgabetasun egoeran dagoela”. Era berean, oinarrizko zerbitzuetako langileak neurri prebentiborik gabe lanean ari direla kritikatu dute: osasungintzan, zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, garbiketan, garraio publikoan, anbulantzietan eta supermerkatuetan, besteak beste.
Gainera, enpresetan gertatzen ari diren eskubide urraketak ere jarri dituzte jomugan: horietako askotan behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituzten langileak kaleratzen ari direla azaldu dute, eta “negoziaziorik gabe” milaka ERTE tramitatzen ari direla.
Hiru eskaera nagusi egin dituzte sindikatuek: funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzea; oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea; eta bermatzea enplegua eta lan baldintzak.