"Etxeko langile guztientzat, eskubide guztiak" eskatzeko, kazerolada deitu dute gaurko
Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hori dela eta, SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldeak etxeko langile guztientzat, “eskubide guztiak” eskatzeko, mobilizatzera deitu du. Hain zuzen, balkoietan kazerolada egitera deitu dute gaurko, 20:00etan.
Etxeko langileen kolektiboak azken egunetan salatu duenaren arabera, kolektibo honen egoera “oso zaurgarria” da une honetan. Konfinamenduaren ondorioak negatiboak izaten ari dira etxeko langile askorengan, eta erakundeei horren aurrean neurriak hartzeko aldarrikatu dute.
Taldeko Tatiana Bellorinek itxialdiaren hasieran ohartarazitakoaren arabera, langile askori lan egiten duten etxeetan gelditzera behartzen ari dira euren nagusiak; gainera, kontatu zuen ez direla ari langileekin adosten ordu extra horiek ordainduko dizkieten ala ez. Era berean, etxeko langile asko mehatxatzen ari direla salatu zuen: norberaren etxera joanez gero, lana galduko dutela esaten diete.
Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, honako manifestua zabaldu dute.