Haurrei zuzendutako Ipuinaren Orduaren saio birtualak egingo dituzte
Donostia Kulturak Ipuinaren Orduaren saioak Internet bidez eskainiko ditu gaurtik, hilaren 30etik, aurrera. Lur Kortaren taldea izango da ipuinen kontaketak egiteko arduraduna, eta lehenengo saioa 16:00etatik aurrera egongo da ikusgai, Youtube plataforman, helbide honetan.
Astelehenetik larunbatera egingo dituzten saioak euskaraz izango dira, eta igandeetakoak gaztelaniaz. Gainera, larunbatetakoetan zeinu hizkuntza ere egongo da. Hauek izango dira ipuinak kontatzeko arduradunak: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Ipuin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Bestalde, Donostia Kulturaren hileroko gaztelaniazko literatur solasaldia ere Internet bidez egingo dute. Sylvia Plath idazlearen La campaña de cristal liburua izango dute ardatz hilabete honetan. Bideo konferentzia hilaren 31n izango da, 19:30ean, eta parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidera idatziz. Era berean, Donostia Kulturak bertan behera utzi dituen edo atzeratu dituen ekitaldien berri eman zuen joan den astean.