Bang Bang Zinemak saio birtuala egingo du larunbatean
Apirilaren 11a honetarako programatuta zuten Bang Bang Zinemaren sesio berria Donostiako Antzoki Zaharrean. Quentin Tarantino film zuzendari ospetsuaren Kill Bill pelikula proiektatu behar zuten, lehen zatia eta bigarrena jarraian, baina egungo konfinamendu egoeraren ondorioz ezin izango dute egin. Hala ere, Facebook Live plataforma bidez zerbait berezia egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.
Estrella Vallejo izango da aurkezlea.”Bangbangzaleak” parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, eta zaleek bideoak bidali ahalko dituzte osteguna arte, aukera ezberdinekin: Kill Billen eszenaren bat berregitea, My Baby Shot Me Down abestiaren bertsio bat egitea, Bang Bangen sesiorik gustokoena gogora ekartzea, eta abar. Bideoak Facebook, Twitter, Instagram edota posta elektroniko bidez bidali ditzakete zaleek, osteguna arte. Sariak egongo direla iragarri du antolakuntzak.
19:30ean izango da sesioa, eta krispetak eta garagardoa prestatzea gomendatu dute.
Triviala ostiralean
Atariko moduan, egun bat lehenago eta ordu berean, Trivial Kahoot Bang Bang partida jokatuko dute. Horretarako, Kahoot aplikazioa jeitsi beharko dute partaideek, edo kahoot.it webgunetik sartu, eta haiek 19:00etan emango duten kodea sartu beharko dute.
Kill Bill pelikularen inguruko galderak eta Bang Bangen ingurukoak tartekatuko dituzte, eta sariak ere izango dira.