'Hau ere pasako da', Ana Malagon
Bikote batek itxialdian bere distantzia pertsonala bizi du. Gobernuak esango du noiz arte, istorio labur honek kontatzen du nola.
Donostia Kulturaren ‘Koadernoa’ izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak.
‘HAU ERE PASAKO DA’, Ana Malagon
HAU ERE PASAKO DA. Hau ere pasako da. Ez da bihar izango, ezta etzi ere. Gobernuak esango digu noiz baina ez du inork jakingo nola. Agintariek esango digute “orain!” baina ez du inork jakingo nora. Konfinamendua amaitzean, “aldatu egin zara” esango diogu elkarri.”Ez zait bilakatu zarena gehiegi gustatzen” aurpegiratzeko modu dotore hori.
Goizeko zortzietan neure burua txalotzera nindoan komuneko ispilu aurrean, ohetik altxatzeko adorea izateagatik edo, baina Gorka sartu da. Autoestimurako lekurik gabe gelditu naiz. Behar bezala garbitu ez ditudan eskuak eten egin zaizkit, airean dagoen zerbait hartzeko prest bezala. Airea da hartu behar dudana, kutsatua badago ere. Ateak itxi behar izaten ditut horretarako.
Gorkak komuneko paperari tira egin dio. Egunean zehar egiten dituen soinuak sailkatzen ditut. Nire kromo kolekzioa bilakatu dira. Behin eta berriz errepikatzen diren soinuak dira gehienak. Baina kromoetan bezala, bakanen bat faltako zait azkenean kolekzioa osatzeko. Ez dut bere hitzik entzun azken egunotan. Hori izango da.
Leihoko kristalaren beste aldean, zakur bat ikusten dut. Gizon bat atera du paseoan. Erosketarako gurditxo batek emakume bat zutik eusten du supermerkatura sartzeko ilaran. Poliziak neska batek aurpegian daraman maskarari galderak egiten dizkio. Antzeko galderak egin zizkidan Gorkak itxialdiaren bezperan. Nora zoaz, nondik zatoz, norekin oheratu zinen bart gauean. Gezurra esaten harrapatzen zaituztenean ikasten duzu sinesgarritasuna egia baino garrantzitsuagoa dela. Poliziak neskari joaten utzi dio. Ni ez noa inora, Gorkak bidalitako pikutara ez bada. Ezin izan dut inon errudun aurpegi hau estaliko duen maskararik lortu. Inoiz.
Hau ere pasako da. Ez da bihar izango, ezta etzi ere. Konfinamendua amaitzean, etxetik alde egin beharko dut. Gobernuak esango dit noiz. Asmatu beharko dut nora.