Erosketak egitera joatean, lehen hitza euskaraz
Farmaziara, janaria erostera, edo egunkari eta ogi bila joatean lehen hitza euskaraz egitea da Etxealditik Euskaraldira egitasmoak gaur egiten duen proposamena, Gasteizko Euskaraldiko Josu Pedruzo kideak azaldu duenez, "interakzioa edo elkarrizketa aldatu daitekeelako".
Gaurko proposamenaz gain, beste lau argitaratu ditu dagoeneko Euskaraldiak egitasmo honen baitan. Lehenengo erronkak proposatzen zuen euskaraz jolastea, bigarrenak lagunekin online pintxopotea euskaraz egite, hirugarrenak bazkalorduan euskaraz aritzea eta laugarrenak sareetan lan egiten jarraitzen dutenei esker oneko mezuak euskaraz bidaltzea.
Egitasmoko azkeneko fasearen parte dira bideo proposamen hauek, joan den ostiralean hasi eta ostegunera arte iraungo duena. Bideo proposamen horiek egunero-egunero argitartatzen ari dira Euskaraldiko webgune eta sare sozialetan, baita ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan. Egitasmoa maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.