Euskarazko zinea etxeko egongelara ekartzea
Itziar Ituño aktoreak azaldu du gaur Etxealditik Euskaraldira egitasmoko proposamena. Asteazkenetan zinema aretoetan ikuslearen eguna denez gero, helburua da gaur etxeko telebistan edo ordenagailuan, dvd batean edo internet bitartez, film bat euskaraz ikustea eta etxekoekin komentatzea.
Laguntzeko asmoz, filmak euskaraz ikusi ahal izateko hainbat plataforma jaso dituzte Euskaraldiko sare sozialetan: UEMAren Etxean Goxo, Ganbara, Kimuak (2019ra arteko Euskarazko film labur guztiak ikusteko aukera), Huhezinema, Iparra.eus (filmak, dokumentalak eta abar, euskaraz), Filmin euskaraz, EITBren euskarazko filmak eta Nahieran (hainbat motatako programekin), Euskal Encoding-ak, Argia multimedia kanala eta E-liburutegia (euskarazko film ugari daude).
Gaurko proposamenaz gain, beste bost argitaratu ditu dagoeneko Euskaraldiak egitasmo honen baitan. Lehenengo erronkak proposatzen zuen euskaraz jolastea, bigarrenak lagunekin online pintxopotea euskaraz egitea, hirugarrenak bazkalorduan euskaraz aritzea, laugarrenak sareetan lan egiten jarraitzen dutenei esker oneko mezuak euskaraz bidaltzea eta bosgarrenak erosketak egitera joatean, lehen hitza euskaraz egitea.
Etxealditik Euskaraldira egitasmoko azkeneko fasearen parte dira bideo proposamen hauek, joan den ostiralean hasi eta bihar arte iraungo duena. Bideo proposamen horiek egunero-egunero argitartatzen ari dira Euskaraldiko webgune eta sare sozialetan, baita ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan. Egitasmoa maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.