Polloeko ehorzketetan senideak egon ahal izango dira astelehenetik aurrera
Konfinamendua arintzen ari den honetan, pixkanaka aldaketak egiten ari da Donostiako Udala, lan presentziala berrabirazte aldera, batez ere. Eneko Goia alkateak azaldu du aldaketa horiek lehenengo (maitzaren 11tik aurrera) eta bigarren (maiatzaren 25etik aurrera) faseetan nabarituko direla, bereziki bigarrenean.
Hain zuzen, hiritarrei arreta eskaintzen dieten zerbitzuetan lan presentziala berriz ezartzeko lanean ari direla adierazi du Goiak, eta astelehenetik, maiatzaren 11tik, aurrera hartuko dituzten bi neurri nabarmendu ditu. Alde batetik, lau pertsona hirigintza espedienteak helarazten hasiko dira presentzialki, beti ere, segurtasun neurri guztiak hartuz. Bestetik, Polloe hilerriko ehorzketetan hildakoaren senide eta lagunak egoteko baimena emango dute, Espainiako Gobernuak ahalbidetzen duen heinean, eta segurtasun distantziak mantenduko direla bermatuz.
Era berean, Goiak azpimarratu du une honetan ez dagoela koronabirus kasu positiborik udal langileen artean, eta horrela izaten jarraitu dezan lanean ari direla. Alarma egoeraren lehenengo asteetan, esaterako, Miguel Angel Diez eta Cristina Lage zinegotziek positibo eman zuten.