Txirrindularitza denboraldia belodromoan abiatzeko eskaera egin dute
Anoetako belodromoa. (Argazkia: Martin Early) Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak pistako bi txirrindularitza proba egin nahi ditu Anoetako belodromoan, hilabete bukaeran. Horretarako, Donostiako Kirol Patronatuari eskaera egin diote hilaren 20rako eta 27rako, eta biak 9:00etatik aurrera jokatuko lirateke. Bi probak Gipuzkoako txirrindularitza kategoria desberdinetako gizon eta emakumeei zuzendurikoak dira: kadeteak, gazteak eta open mailakoak.
Uztailean abiatuko da Gipuzkoako errepideko denboraldia, eta pistako bi proba horiek prestakuntzarako balio izatea da federazioaren nahia. Horrela, kategoria bakoitzeko 30 txirrindularik izango dute aukera belodromoan aritzeko. Txirrindulariak hautatzeaz taldeak arduratuko lirateke.
Segurtasun neurri zorrotzak bermatuko dituzte bi proba horietan. Hala nola, publikorik gabe, ziklista bakoitzaren laguntzaileak mugatuta eta ordutegi zehatzekin beroketak egiteko zein lehiatzeko. Kategoria bakoitza puntuazio bakarrarekin lehiatuko da. Belodromoari 100 itzuli emango dizkiote kadeteek, 150 gazte mailakoek eta 200 eliteek zein 23 urtez azpikoek. Azken hauek puntuazioak izango dituzte hamar itzuli bakoitzeko.

