Rosi Zarra hil zenetik 25 urte beteko dira
Irutxuloko Hitza Xabier Irazusta alargunarekin eta Maider Irazusta alaba gazteenarekin elkartu da, heriotzaren urteurrenaren harira.
1995eko ekainaren 30ean hil zen Rosi Zarra donostiarra, 58 urterekin, zortzi egun lehenago Ertzaintzaren pilotakada batek larriki zauritu ostean. Kasua artxibatu eta isilarazi zuten arren, familiak ez du gertaturikoa ahaztu. Xabier Irazusta alargunarekin eta Maider Irazusta alaba gazteenarekin izan da IRUTXULOKO HITZA. Egun horiek nolakoak izan ziren gogora ekarri dute, eta biharko astekarian irakurri ahal izango da.
Rosa zen bere izena, baina Rosi deitzen zioten familian eta lagunartean. Xabier eta Maider 1995eko ekainaren 22an gertatu zenaren lekuko zuzenak izan ziren. Aurreko egunean, Lasa eta Zabalaren gorpuak Tolosako hilerrira eraman zituzten, eta istilu larriak gertatu ziren Ertzaintzarekin. Horren aurka protesta egiteko Euskal Herria Askatu plataformak elkarretaratzera deitu zuen Amara Berriko Bakearen Usoaren inguruan. Toki berean, ostegunero, Alditrans enpresako langileak elkartzen ziren ETAk bahituriko Jose Maria Aldaia enpresaburuaren askatasuna eskatzeko.
“Ni bakarrik joan nintzen elkarretaratzera, eta Rosi etxean geratu zen. Ondoren, nire bila etorri zen Maiderrekin batera”, azpimarratu du Xabierrek. Elkarretaratzeak bukatzean istiluak sortu ziren, eta Ertzaintzak gogor jazarri zituen protestan ari zirenak. Giroa bareagoa zenean zauritu zuten Rosi gomazko pilota bat metro gutxira jaurti ondoren. “Oso alaia eta irekia zen, nahiz eta asko sufritu gaixotasunarengatik. Bizitzaz gozatzen ari zen dena gertatu zenean”, gogoratu du Maiderrek.
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen Zarraren familiak salaketa jarri ondoren. Auzitegiko medikuek arrazoi naturalengatik zendu zela ondorioztatu zuten. Aldiz, Zarraren nefrologoak adierazi zuen pilotakadak eragindako infekzioarengatik hil zela. Epaileak soilik bertsio ofiziala hartu zuen aintzat, eta auzia artxibatu zuen.