"Aurrerapauso bat emateko momentuan gaudela uste dugu"
Donostiako boskoteak 'Septimo Invierno' bigarren lana argitaratu berri du. Melodiak garrantzia berezia irabazi du euren proposamen instrumentalean. Sancho, Manuh, Pakito, Xavii eta Siz musikariek osatzen dute banda, eta diotenez sortzen zein esperimentatzen jarraitzen dute.
Hyedra boskotea. (Argazkia: Ainhoa Mrvk) Uda iristear denean, Septimo Invierno izenburua jarri diozue diskoari.
Aurreko lanari egiten dio erreferentzia. 2013ko neguan atera genuen, eta izenburu honekin urte hauetan guztietan igaro ditugun aldaketei, bai musikalki eta bai pertsonalki. Omenaldi bat egiteko modu bat izan da.
Heryda izan zen aurreneko singlea. Hitz jolasak gustuko dituzue?
Normalean, hitz jolas pila bat egiten ditugu gure izenarekin, eta hauetako bat erabiltzea ideia ona iruditu zitzaigun.
Single digitalak ugaritu badira ere, oraindik iraupen luzeko diskoak argitaratzen dituzte. Ordea, zuen bigarren lana ere laburra da. Zergatik?
Ez dugu asko pentsatzen gure lanen iraupenaren inguruan. Abestiak egiten joaten garen heinean erabakitzen dugu. Nonbait abestia izan zen konposatu genuen azkena, eta, bukatu genuenean, erabaki genuen diskoa bost kanturekin osatzea. Hala ere, hurrengo hilabeteetan abesti berriak argitaratzea gustatuko litzaiguke single moduan. Martxan egotea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Azala ezohikoa da. Argazki bat da, eta haur bat ageri da eskuekin keinu bat eginez. Zer adierazi nahi izan duzue?
Argazkiak momentu arrunt bat islatzen du, egunerokotasunean bizi daitekeen edozein egoera bat da. Irudi honen bidez diskoak duen energia positibo eta espontaneoa adierazi nahi dugu.
Bide batez, nor da haurra, eta ate atzean ikusten den eskua, norena da?
Argazki zahar bat da. Manu gitarra jotzailearen neskaren anaia txikia da haurra. Eta atzeko eskua beraien amonarena dela uste dugu.
Bost kantu eta hamaika paisaia. Post-rock doinu instrumentalen eremuan kokatzen zarete. Aurreko lanarekin alderatuta melodiak garrantzia irabazi duela esan daiteke?
Bai, horrela da. Gure lehen lana gogorragoa zela esan daiteke, post-metaletik gertu zegoen. Dena dela, nahiko melodikoa zen ere, efektu digital gehiago sartzen genituelako abestietan. Bigarren lanean, berriz, melodiari garrantzia are handiagoa eman diogu, abestiak modu organikoago batean sortuz. Disko lasaiagoa eta alaiagoa dela esango genuke.
Azken bi urteak etengabe sortzen eta kontzertuak ematen aritu zarete. Nolakoa izan da prozesua?
Prozesu oso naturala izan dela esan dezakegu. Kontzertuetan abesti berdinak jotzen aritu ostean, segituan hasi ginen kantu berriak sortzen. Aurrerapauso bat emateko momentuan gaudela uste dugu.
Talde instrumentala izanik ere, oraingoan abeslari bat gonbidatu duzue zuen aurreneko abesturiko kantua aurkezteko. Gartxot Unsain musikari eta lagunak zuen proposamena aberastu du?
Erabat. Beti izan dugu ahotsa sartzearen kontua buruan. Eta Gartxotek duen sormen gaitasun erraldoi horri esker izugarrizko emaitza lortu dugu, gure ustez.
Talde instrumentalen artetik zeintzuk dira gustuko dituzuenak?
Donostialdean, Madeleine izango litzateke guretzako erreferente handi bat, nahiz eta dagoeneko ez diren banda instrumental bat. Estatu mailatik Syberia eta Jardin de la Croix nabarmenduko genituzke, oso gustuko ditugulako. Eta munduan, gaur egun, Caspian eta Explosions in the Sky izango lirateke gure erreferente nagusienak.
Garai arraro batean argitaratu duzue lan berria. Zuzenekoak normaltasunez emateko aukera oraindik urrun ikusten den arren, pentsatu duzue non egingo duzuen aurkezpen kontzertua?
Diskoa uda honetan aurkeztea gustatuko litzaiguke, Dabadaban edo Doka antzokian. Bi leku hauek guretzat bereziak dira, etxean bezala sentitzen garelako.


