Aldi baterako aparkalekuak jartzea da udalak abian jarri duen konponbidea
Bizikletak aparkatzeko 198 plaza berri jarri ditu Mugikortasun sailak, Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzen inguruetan. Kalapie elkarteak dio ez direla nahikoak leku faltaren arazoari aurre egiteko.
Zurriola hondartza pareko bizikleten aparkaleku bat beteta, eta alboko zuhaitzetan hainbat bizikleta lotuta. (Argazkia: Kalapie) Hilabete hasieratik erabilgarri daude bizikletentzako aparkaleku gehiago, hiriko hondartzen inguruetan. Zehazki, 198 plaza gehiago ezarri ditu Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak, aldi baterako 22 aparkalekutan. Maiatzeko azken asteburuko eguraldia paregabea izan zen, eta herritar asko bizikletaz joan ziren hiriko hondartzetara. Aparkalekuak txiki geratu ziren, eta ondorioz, barandetan, zuhaitzetan eta eremu publikoko beste hainbat espaziotan utzi zituzten bizikletak. Udaltzaingoak horietako asko erretiratu eta erabiltzaileei isuna jarri zien. Horrek zalaparta sortu zuen, eta egun gutxira, Mugikortasun sailak iragarri zuen aparkaleku berriak ezarriko zituela.
«Eskaera gehiago duten guneetan aparkaleku gehiago jartzen dira, baina bizikleten erabiltzaileek ere onartu behar dute beti ezin dela atean aparkatu, kotxearekin, motorrarekin edo beste edozein ibilgailurekin gertatzen den moduan. Aparkatzeko lekuak orokorrean badaude, baina ez daude beti guk nahi dugun puntu zehatzaren ondoan», dio Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Aparkalekuen arazoa «puntuala» dela uste du, eta «ezinezkoa» dela bizikleta bakoitzarentzat aparkaleku bat jartzea «eskaera handiagoa» dagoen momentuetan.
Bizikletak uzteko 500 bat aparkaleku eta 8.500 plaza daude hirian, udaleko iturrien arabera. Udan kopuruak gora egiten du, eta aldi baterako diren aparkalekuak finko bihur daitezkeen galdeginda, ondorengoa erantzun du Aranak: «Ez du zentzurik finko geratzea, uda denboralditik kanpo ez baitira erabiltzen. Eta udan ere, eguraldi txarra egiten duenean ez dira erabiltzen. Esan bezala, arazoa momentu zehatzetan sortzen da».
Gaizki aparkaturiko bizikletei dagokienez, «arauak betetzeko daudela» azpimarratu du Mugikortasun zinegotziak. «Inori ez zaio okurritzen kotxea espaloiaren gainean uztea momentu horretan lekurik aurkitzen ez badu, horrek isuna edo autoa kentzea ekartzen baitu. Gauza bera gertatzen da beste edozein ibilgailurekin, behar ez den lekuan aparkatzen direnean. Ez da soilik leku kontua, errespetuz jokatzea baizik».
Erabilera igo da
Azken urtetan etengabe errepikatu den arazoa dela dio Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak. Uda iristear denean bizikleta erabiltzaile kopuruak gora egiten duela gogoratu dute, eta hirian ez dela beti behar bezala aparkatzeko lekua egoten. Gainera, konfinamendu garaian bizikleten erabilera hazi dela ohartarazi du Kalapiek. Hori dela eta, beraien ustez «ez dira nahikoak» udalak jarritako 198 plaza berriak. «Maiatzaren 30ean Kalapiek Kontxako hondartzaren inguruan azterketa bat egin zuen. Bizikleta asko baranda eta zuhaitzetan zeuden lotuta. Miramar jauregira igotzeko semaforotik Perlara bidean 72 bizikleta zeuden gaizki utzita, eta Perlatik Londres hotelera 309. Guztira, 381 bizikleta aparkalekuetatik kanpo topatu genituen. Udalak 45 plaza jarri ditu eremu horretan, eta aipaturiko datuek diote gehiago behar direla».
Aparkaleku falta ezin da soilik aldi baterako plazekin konpondu. Horregatik, Kalapiek aparkaleku kopurua handitzeko proposamen ugari helarazi dizkio Mugikortasun sailari. Horietako bat da auto batek okupatzen duen eremuan 10-12 bizikleta utzi daitezkeela: «Autoak aparkatzeko txandatze-sistemaren %10 soilik bizikletentzat izango balira, 5.000-6.000 plaza gehiago egongo lirateke. Arazoaren zati bat konponduko luke horrek».

