Koronabirusak zipriztindutako San Joan bezpera izango da aurtengoa
Su bakarra baimendu du Donostiako Udalak, Konstituzio plazakoa hain zuzen; hala ere, surik ez egon arren, hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrek auzo batzuetan.
Argazkia: Iñaki Agirre Egun berezia da askorentzat San Joan bezpera, eta hori dela eta, errituz eta ospakizunez bete ohi dira Euskal Herriko eta beste hainbat lekutako hamaika txoko. Aurten, koronabirusaren aurrean erakundeek hartutako neurriak direla eta, herritarrek ezingo dute ohi bezala ospatu jaia.
Donostian, su bakarra baimendu du Donostiako Udalak, Konstituzio plazakoa hain zuzen; hala ere, surik ez egon arren, hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrek auzo batzuetan. Hain zuzen, orain arte San Joan sua antolatzeaz arduratu izan diren eragile eta batzorde askok ez dute begi onez ikusi udalaren erabakia, izan ere, uste dute eurek ere eskubidea dutela festa ospatzeko, eta ahalmena segurtasun neurriak bermatzeko. EH Bilduk ere erabakia kritikatu du, eta argudiatu du erabakia “aldebakartasunez” hartu duela udal gobernuak, auzoetako eragileekin hitz egin gabe.
Konstituzio plazan, 22:15ean hasiko da erritua, eta ekitaldi sinbolikoa izango da aurtengoa, solstizioa ospatu eta koronabirusagatik hildako pertsonak gogoratzeko helburua izango baitu, Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera. Beste berezitasun bat ere izango du: urtero moduan, Goizaldi taldea arituko da dantzan, baina beste hainbat dantza talde ere ariko dira: Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Kresala eta Trebeska.
Donostiako Orfeoiak eta Udaleko Txistularien Taldeak ere hartuko du parte. Aldiz, udal agintariek ez dute dantzarik egingo, «jaien eragileak izan daitezen protagonistak». Ospakizunaren ikuslegoa mugatu egin dute aurten, segurtasun neurriak bermatzeko, eta zozka bidez erabaki dute plazara sartuko diren 120 herritarrak nortzuk izango diren.
Errituala mantendu nahi dute auzoetan
Udalak iragarri du aurten debekatu egin dituztela gainontzeko su publiko zein pribatuak, norberaren lorategietan eta espazio partikularretan egindakoak izan ezik, ezin baitituzte debekatu. San Joan bezpera egun garrantzitsua da herritarrentzat, eta horregatik, hainbat auzok ez dute amore eman, eta hainbat jarduera antolatu dituzte, betiere segurtasun neurriak bermatzeko neurriak jarrita.
Egian, Bagerak urtero egin ohi duen lore sorten banaketa egingo dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi mahai jarriko dituzte: bata, lore sorta eskuratzeko txartela erosteko; bigarrena, txartelarekin, lore sorta jasotzeko. Ilaran segurtasun distantziarako markak jarriko dituzte lurrean, eta gogoraraziko dute beharrezkoa dela maskara erabiltzea. Guztira 300 lore sorta banatuko dituzte, eta hiru gunetan egingo dute banaketa: Plaza Haundin, Plaza Berrin eta Plaza Gorrin, 20:00etan.
Grosen, ezin izango dute urtero egiten duten Sagueseko sua egin, ezta San Joan bezperako ohiko egitaraua egin ere. Halere, Groseko jai batzordeak ospakizun xumeago bat egitea erabaki du, eta Marruma elkartean sardina jatea egingo dute, 19:30ean. Pintxo-pote moduan egingo dute; edari bat eskatzen dutenen artean banatuko dituzte. Gainera, Andoni Ollokiegi musikaria zuzenean ariko da, formatu akustikoan.
San Joan bezperako suaren jaiaz gain, San Joan festak ospatzeko garaia izan ohi da hainbat auzotan, eta horiek ere bertan behera geratu dira. Hori da, esaterako Antiguako kasua. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, jaiak bertan behera uzteko erabakia ez da samurra izan, eta aukeretako bat izan arren edukierak mugatzea edo atzeratzea, ez egitea erabaki dute: “Gure jaien oinarrian dago denontzat izatea eta ahal den guztia doakoa izatea, eta kontraesankorra izango litzateke” adierazi dute. Hala ere, programako Ez Dok Hamairu Antiguotarrak Hamalau jaialdia online egingo dutela iragarri dute. Uztailaren 18an izango da, streaming bitartez. Bestalde, Antiguotarrak Dantza Taldean haur, gazte eta helduekin egin duten lana online aurkezteko aukerak aztertzen ari dira.
Igeldon, Eskeko Koadrilak etxez etxe joateko ohitura du San Joan bezperan, herritarrei dirua eskatzen; diru horrekin, bazkaria egiten dute hurrengo egunean. Aurtengo egoera berezia dela eta, ordea, hori ez egitea erabaki dute,. Horren ordez, 20:00etan Igeldoko plazan elkartuko dira herritarrak, bertsoak abesteko. Ondoren, bakoitzak bere etxetik afaria eramatera animatu dituzte bizilagunak, plazan denek elkarrekin afaltzeko.
Parte Zaharrean, goizean goiz hasi da egitarauarekin gazte asanblada. 10:00etan bildu dira, besteak beste, auzolanean baratza landu, kartelak jarri eta mozorroak prestatzeko; Trinitate plazan hasi dituzte jarduerak, baina hainbat udaltzain joan dira hara, plaza ixteko agindua zutela argudiatuz. Gazteek Zuloaga plazara lekualdatu dute programa. Eguerdian, bertso bazkaria egin dute, eta Trinitate plaza irekiz gero, hara itzuliko dira 17:00etan, barrene herrikoia egiteko. Bestela, Zuloaga plazan jarraituko dute egitarauarekin. 19:00tan sorgindantzaren entsegua egingo dute, eta 19:30etan Parte Zaharreko kaleetatik kalejira egingo dute musikarekin. Festa sorgindantza dantzatuz amaituko dute.

