Metroak kalteturiko bizilagunentzako babesa eskatu du Elkarrekin Donostiak
Lur jausia gertatu zen egunean Zubieta kalearen inguru guztiko zirkulazioa moztu zuten. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Elkarrekin Donostiak ekaineko udalbatzarrera eramango ditu metroaren lanen inguruan herritarrek egindako kexak. “Zubieta kaleko zuloa agertu baino lehen, metroaren obren gaia osoko bilkurara eramateko asmoa genuen”, azaldu du Aitzole Araneta bozeramaileak. “Lanekin zerikusia duen zerbaiti buruz eztabaidatu den bakoitzean, udal gobernua iheskor agertu da, eta erantzukizun guztia ETSren esku utzi du, zarata eta hondamendiak kontrolatzeko eskumenak dituela alde batera utzita”.
Zaratari buruzko ordenantza bat dagoela gogorarazi du Aranetak, eta obra guztiek errespetatu behar dutela. “Ordenantza horrek boterea ematen dio gobernuari sortzen den zarata neurtzeko eta, beharrezkoa izanez gero, obra geldiarazteko, nahiz eta beste administrazio batek sustatutako obra izan. Gainera, udal gobernuak hiriko eraikinetan gerta daitezkeen kalteak zaintzeko eskumena du. Hala ere, bizilagunen eskaerei erantzuteko erabili beharrean, obrak hirian dituen eraginak disimulatzeko erabili dute”.
Zubieta kaleko luiziari dagokionez, Aranetak ondorengoa azpimarratu du: “Zubieta kaleko eraikinaren egiturari eragiten zion zuloa kasualitatez aurkitu zuten, eta ez da hiriko lehen eraikina; horregatik, eraikina zaintzeko neurriak eskatuko dizkiogu gobernuari, obra amaitu arte. Halaber, auzokoek zaratarekin lotuta egiten dituzten kexei erantzuteko eskatuko diogu; izan ere, orain arte udal gobernuak ez die gai honi eta kaltetuei jaramonik egin”.

