Santa Klara uhartea uztailaren 1ean irekiko dute bisitarientzat
Santa Klara uharteko lanek goiko aldea kaltetu dutela salatu dute talde ekologistek, eta horren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian. Irla “egoera onean” dagoela azpimarratu, eta obrak denbora batez eten izanak “kaio beltzen habiak ugaritzea” ahalbidetu duela esan du. “Habi horiek babesteko neurriak hartu dira”.
Horrekin batera, Goiak aurreratu du Santa Klara uhartera uztailaren 1etik aurrera joan ahal izango dela. Irekiera “partziala” izango dela esan du Goiak, hainbat eremu itxita mantenduko dituztelako. Hala nola, irlaren goiko aldea, obretan dagoen itsasargiaren eremua eta aipaturiko kaio beltzen habien gunea.
Cristina Iglesiasen eskultura irlara “epe motzean” eramango dutela adierazi du alkateak. Horretarako, helikopteroa erabiliko dute, eta bukatuta dagoen brontzezko eskultura zatika eramango dute. “COVID-19ak eragindako atzerapenak eta itsaso zakarrak epeak moteldu arren, obrak bide onetik doaz. Udan txertatuko dute eskultura itsasargian, eta udazkenerako lanak bukatuta egotea aurreikusten da”, azaldu du Goiak.