
Dbusen murrizketak direla eta, EH Bilduren udal taldeak mozio bat aurkeztu du ekaineko udalbatzarrean. Udal gobernuari eta Dbus konpainiari eskatu diote kenduta dauden lineak berrezartzeko eta zerbitzua bere osotasunean berrabiarazteko. “Ezarri diren neurriekin Dbusek orain arte eskaintzen zuen kalitatezko zerbitzua arriskuan jartzen da, erabiltzailea bestelako garraiobide ez jasangarria erabiltzera bultzatuz”, azaldu du Garbiñe Alkiza zinegotziak. “Kalitatezko garraio publiko baten aldeko apustua egitea da orain egin beharrekoa”, gaineratu du.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak adierazi du eskaintza eskariaren arabera hobetzen jarraituko dutela, eta helburua zerbitzua zeharo berreskuratzea dela. Horrela, udal talde guztiek aho batez onartu dute mozioa.