
Zubieta kaleko 8. zenbakian metroko lanek eragindako luiziaren harira, Elkarrekin Donostiak mozio bat aurkeztu du ekaineko udalbatzarrean. Metroko obren jarraipen batzordea “lehenbailehen aktibatzeko” eskatu diote udal gobernuari, besteak beste. EH Bilduk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, baina mozioak ez du aurrera egin EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dutelako. Satorralaia bizilagunen mugimenduak udal gobernuaren jarrera salatu du: “Metroaren obra sustatzen duten ETS eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko morrontza lotsagarria erakusten dute”.
Goizean elkarretaratzea egin du Satorralaiak udaletxearen aurrean, eta metroaren lanak “erabat gelditzeko” eskatu dute. Ondoren, osoko bilkuran protesta egin dute hainbat pertsonek Metroari Stop pankartak eskuan hartuta. Mozioaren eztabaida bukatu denean metroaren lanak gelditzeko oihuak entzun dira udal batzar aretoan.