Auzotarren mugikortasuna nabarmen hobetuko duen igogailua
Aste honetan jarri dute martxan Larratxoko igogailu inklinatua, COVID-19aren ondorioz lanek atzerapen berri bat izan ostean. Hiriko bigarren igogailu inklinatua da, Morlanskoaren antzekoa.
Larratxoko igogailu inklinatua dagoeneko erabil dezakete auzotarrek, eta han bizi direnen mugikortasuna nabarmen hobetuko du. Igogailuak 31 metroko desnibela gainditzen du, eta 100 metro ingurukoa da egiten duen distantzia, segundoko 1,6 metroko abiaduran. Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendiak igogailuaren garrantzia azpimarratu du: «Minutu baten buruan, Leosiñeta eta Larraundi arteko bidegurutzea gainditzen du, eta Altzako goialdera iristen da. Komunikazioa nabarmen hobetzen du». Berez, 25 lagunentzako lekua da igogailuaren kabinak. Ordea, COVID-19ak eragindako neurriak direla eta, momentuz, bidaia bakoitzeko gehienez bost lagunek erabil dezakete.
Bestalde, Larratxo pasealekuko 46-56 atarietako bizilagunekin hitzarturiko obra bat egiten ari dira. Aldapa bidezko sarbide-eskailerak kenduko dituzte mugikortasuna hobetzeko.
Falta zen igogailua
Igogailu berriak harrera ona izan du auzoan, eta martxan jarri zutenetik asko dira erabili duten bizilagunak. Igogailuaren parean bizi da Fernando Bartolomeu: «Bi igogailu eta eskailera mekanikoak ditugu Larratxora jaisteko. Altzako goiko aldera iristeko beste igogailu bat falta zen, eta azkenean jarri dute. Gainera, adineko pertsona asko bizi dira goian, eta beharrezkoa zen».
Azken urtean arazo dezente izan dituzte auzoko gainerako igogailuarekin, eta berriaren erabilera eta mantenua egokia izatea espero du Bartolomeuk. «Bi edo hiru hilabete geldirik egon dira. Astean zazpi egunetik hirutan ezin izan ditugu erabili. Berriaren mantenua hobea izatea espero dugu auzotarrek».