Blanquita Carraquela da Asier Beramendiren proiektu berria
Eraul taldearen ibilbidea eten ondoren, Asier Beramendi donostiarrak Blanquita Carraquela izeneko abentura berria abiatu du. Aurreko proiektuan jorraturiko americana eta pop-rock doinuak alboratu gabe, hip-hop eta elektronika musika jorratzera pasa da. Era berean, gaztelaniaz abestea erabaki du aro berri honetan, euskara eta ingelesa baztertu gabe.
Hain zuzen ere, Beramendik Eraul taldearentzat sorturiko azken kantua da deitura berriarekin aurkeztu duen lehena: Bourgogne. Hitzak eta gitarraren akordeak ditu oinarri, eta alboan beste hainbat musikari izan ditu: Mikel Agirrezabalaga (pianoa), Ilargi Agirre (bateria) eta Maria Soriazu (baxua). Proiektu zaharretik berrirako trantsizioa islatu nahi izan du abestiarekin.