Positibo kopuruak gora egin du nabarmen azken hamabost egunetan
Donostiako COVID-19 kasuen ugaritzea aintzat hartzeko modukoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die Donostiako Udalak.
Donostia Ospitalean eta hiriko beste hainbat anbulatoriotan egiten ari dira PCR probak. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Abuztuaren hirugarren astetik aurrera, koronabirus kasuak ugaritu dira Donostian. Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak jakinarazitako datuen arabera, aintzat hartzekoak dira azken hamabost egunetako positiboak. Zehazki, hilaren 20ko datuek erakusten dute gorakada nabarmenena; 50 positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Hurrengo egunetako kopuruak ere esanguratsuak dira: hilaren 21ean 45 positibo atzeman zituzten, 22an 63 eta 23an 77 kasu.
Nekane Murga Osasun sailburua Donostiako egoerarekin kezkatuta agertu zen astelehenean, eta egun bat beranduago, Eneko Goia alkateak bat egin zuen kezka horrekin. «Hiriak osasun krisiaren hasieratik ez du kasu askorik izan, baina azken hamabost egunetan, eta, bereziki, azken asteburuan, gorakada bat egon da», azaldu zuen asteartean. Gertatu dena testuinguru orokor batean ulertu behar dela gaineratu zuen, EAEn ere positibo gehiago izan direlako.
Positiboen gorakadaren aurrean, alkateak bi gauza eskatu ditu: «Identifikatu diren guneetan ibili direnek froga egin behar dute, eta gainerakoek arduraz jokatu». Hain zuzen ere, hilaren 14an, 15ean eta 16an bi diskotekatan ibili ziren pertsonei PCR proba egiteko eskatu die Jaurlaritzako Osasun sailak, eta Goiak eskaera berretsi du. «Segurtasun neurriak ondo betetzen saiatu behar dugu».
Neurriak eta jarraibideak
Eusko Jaurlaritza da COVID-19aren harira neurriak eta jarraibideak ezartzen dituena. Udala horiek bete eta betearazteko dagoela adierazi du hainbatetan Goiak. Hain zuzen ere, azken aginduaren arabera, udal zerbitzuetan hainbat aldaketa egin behar izan dituzte. Esaterako, Polloe hilerriko ehorzketetan parte hartu dezaketen pertsonen kopurua aldatu dute: gehienez 30 pertsona egon ahal izango dira hildakoaren agurrean, eta maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Hiletak egiteko bestelako lekuak baldintza berdinetan mantentzen direla jakinarazi du udalak, eta Polloeren ordutegia mantendu egingo dute, 8:00etatik 20:00ak arte.
Udal kirol instalazioei dagokienez, kutsatzea saihesteko protokoloek eta segurtasun neurriek martxan jarraitzen dutela jakinarazi du udalak: %60ko edukiera mugatua, garbiketa eta desinfekzio lanen errefortzua, seinaleak eta sarrerako alfonbrak, besteak beste, baita erabiltzaileek betebeharreko neurriak ere. Donostia Kirola sailak gogorarazi du igerilekuetan hamar pertsonatik gorako taldeak ez daudela baimenduta, eta pertsonen arteko distantzia errespetatu beharko dela. Halaber, igerilekuetako joan etorrietarako eta ibilaldietarako, maskara erabili beharko da beti, orain arte bezala. Jarduera fisikorako, kirola egitean, ez da maskara derrigorrezkoa izango, betiere distantzia neurriak bermatzen badira.
Udaltzaingoaren isunak
Jaurlaritzako araudia kalean eta establezimenduetan betearazteko lanetan ari da Donostiako Udaltzaingoa. Abuztuan ezarritako isunak askotarikoak direla jakinarazi du udalak; 230 maskara ez erabiltzeagatik, 38 maskara behar bezala ez erabiltzeagatik,eta bat garraio publikoan maskararik ez izateagatik. Establezimenduen kasuan, udaltzainek 3 establezimendu zigortu dituzte maskararen erabilera ez bermatzeagatik, 6 ixteko eta irekitzeko ordutegia ez betetzeagatik, eta bat baimenduriko edukiera gainditzeagatik.


